Nahia Bertiz sunbildarrak eta Salsamendik lortu dituzte aurtengo kaiolako lehen garaipenak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 13a

Nahia Bertizek eta Lopez de Ocarizek lehia estua izan zuten ortziralean Ataunen, baina azkenean Sunbillakoa (gorriz) gailendu zitzaion arabarrari.

Bi partida oso desberdinekin hasi zen ortziralean Ataunen Emakume Master Cupen lau eta erdiko txapelketa. Nahia Bertizek, Azken unera arte sufrituta, eta Laia Salsamendik, partida eroso xamar batean, lortu dituzte aurtengo kaiolako lehen garaipenak giro ederrean jokatutako partidetan.

Lopez de Okarizi 22-20 eta Ibarrolari 22-7 irabazi zieten ortziralean Ataunen, hurrenez hurren

2025eko buruz buruko txapelketako lehen partida arras borrokatua eta luzea izan zen, 50 minututako iraupenekoa eta Nahia Bertiz sunbildarrak ikaragarri sufritu behar izan du lehen erdian erraz irabaziko zuela ematen zuen lehian garaipena lotzeko. Izan ere, kantxan nagusi izanda, Bertiz 13-4 aitzineratu zen markagailuan eta lehen garaipena erraz aterako zuela zirudien. Baina usteak erdia ustel, lanaren eta fedearen bidez, Lopez de Okariz markagailuan gerturatzen joan zen, baita partida hemezortzina berdindu ere. Arabarrak, ordea, ez zuen markagailuan aurre hartzerik lortu eta hortxe joan zitzaizkion aitzinera egiteko aukerak. Partida berriro hogeina berdintzeko gai izan zen, baina azken txanpan ez zen markagailua iraultzeko gai izan. 22 eta 20 irabazi zuen Bertizen.

Bigarren partidan, hasieran bere burua markagailuan atzetik ikusi bazuen ere, Laia Salsamendik garaipen erosoa lortu zuen, zazpinako berdinketatik aurrera Aizane Ibarrolaren gainetik pasa baitzen Otsagabikoa. Partida hasieran, ordea, Gaminderekin Udako Master Laboral Kutxa txapelketa irabaztetik zetorren Aizane Ibarrolak alde politak lortu zituen markagailuan, 4-1 eta 7-3 aurreratuta. Hortik aurrera, ordea, pilotari bakarra egon zen Auzoeta kiroldegiko kantxan, Uharteko klubean hazitako Laia Salsamendi. Belauneko lesio larriak gaindituta, aurrelari nafarra bere maila berreskuratzen ari da eta aurtengo kaiolan kontuan izateko aurrelaria dela aldarrikatu zuen Ataunen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun