135 lagun bildu ziren bazkarian eta pilota partida ikusgarrian, Oier Bereauk eta Unax Apeztegiak 30-28 irabazi zieten Ugaitz Elizalderi eta Mikel Goñiri
Aurtizko Koianea Txikia pilotalekua dotore utzi dute zaharberritze lanen ondotik eta frontoiari behar bezalako inaugurazioa emateko besta egun polita antolatu zuten urriaren 11n Aurtitzen. Larunbat goizean herriko txistulariak eta Aurtizko joaldunak ibili ziren kalejiran. Udal zinegotzi batek 1940an eraiki eta, 1990ean, 2010ean eta, azken aldiz, aurten berritu den frontoiaren prozesua azaldu ondotik, Naikari Altzurik eta Malen Bereauk aurreskua dantzatu zuten eta ondotik, pilota partida ikusgarrian, Oier Bereauk eta Unax Apeztegiak 30-28 irabazi zieten Ugaitz Elizalderi eta Mikel Goñiri. Kantu poteoan ibili ondotik, 135 lagun bildu ziren frontoian, Santxotena musikariak girotutako kantu bazkarian. Bazkalondoan, kantuan eta dantzan aritzeko aukera izan zuten eta besta akitzeko bokatak eskaini zituzten Aurtizko Ostatuan eta DJ Garik musika jarri zuen.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.