Reforest proiektuko jardunaldia egin dute asteburuan Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 13a

Asteburuan Malerrekan Reforest proiektuko jardunaldia egin duten ikasleak.

Reforest proiektuaren baitan, Iruñeko Salesianos eta Errenteriako Don Bosco ikastetxeetako ikasleak, baita Tolosako Labpaper-eko arduradunak ere, Malerrekan ibili ziren ortzirale goizean. Malerreka Common Zerbitzuak gizarteratze eta laneratze mikrokooperatibak harrera egin zien Doneztebeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuko instalazioetan. Kooperatibaren esperientzia ezagutu eta ekintzailetza kooperatiboaren inguruko dinamika bat garatu zuten. Dinamika horretatik, arazo zehatzak konpontzeko helburua duten zazpi enpresa ideia sortu zituzten.

Malerreka Common Zerbitzuak kooperatibako paper tailerrean landare zuntzekin egindako artisau papera nola egiten den eta Elgorriagako Erreroan instalatua dagoen erakusketa bisitatu zuten ikasleek

Ondotik, Doneztebe eta Elgorriaga lotzen dituen Uraren Bidetik, MCZko paper tailerrean Arritxu Bidasororen eskutik landare zuntzekin egindako artisau papera nola egiten den ezagutu ahal izan zuten, eta Erreroa etxean instalatuta dagoen iratze eta paper egiteari buruzko erakusketa bisitatu zuten.

Reforest baso hondakinetatik zelulosa lortzean oinarritutako proiektu kolaboratiboa da, inprimaketa funtzionalaren bidez ontzi adimendunak fabrikatzeko helburuarekin. REFOREST 4.0 proiektuak ikerketa aplikatua, transferentzia teknologikoa eta berrikuntza irekiaren metodologiak uztartzen ditu lanbide heziketako zentroen (Iruñeko Salesianos eta Errenteriako Don Bosco), erakunde teknologikoen (Tolosako Labpaper eta BCMaterials) eta sektoreko enpresen (MCZ) artean.

Tinten garapen jasangarriaren, tenperatura eta hezetasun sentsoreen eta material biodegradagarrien bidez, ekonomia zirkularrarekin eta lehen sektorearen digitalizazioarekin bat datorren ekoizpen eredu bat bultzatzen da.

Proiektu hau Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak finantzatzen du Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun