Bidaia berezia egiten ari da Ibai Ordax doneztebarra. Bizikleta hartu eta Mongoliarako bidea hasi zuen urtarrilean eta Frantzia, Italia, Eslovenia, Kroazia, Bosnia, Montenegro, Albania, Grezia, Turkia eta Georgia gurutzatu ditu dagoeneko. Armenian zela erantzun ditu galderak eta orain arteko bideaz eta Mongoliara arte eginen duenaz mintzatu da.
Nolatan piztu zaizu bidaia egiteko gogoa?
Gogoa ez zitzaidan egun batetik bertzera sortu. Bidaia motzak eginez hasi nintzen: asteburukoak, hiruzpalau egunekoak… eta oporrak hartzen hasi nintzen horrela bidaiatzeko. 2022an Doneztebetik Teruelerako bidea egin nuen, han Montañas Vacias izeneko ibilbidea osatu, eta Doneztebera itzuli nintzen. Teruelen bertze bitan izana naiz, eta Euskal Herrian hiruzpalau eguneko irteerak egin eta proba luzeetan ere parte hartua nuen. Hala ere, Doneztebetik Plockera (Polonia) egindako bidaia izan zen erabaki hau hartzera bultzatu ninduena. Niko gure lagunak —Niko Mindegia eskubaloi jokalaria— han jokatzen zuen eta 2023an hara abiatu nintzen bizikletan. Doneztebera bueltatu nintzelarik hasi nintzen pentsatzen zer egiten ahal nuen denbora luzez bidaiatzeko.
Zein da bidaiaren helburua?
Interesa pizten dit herrialde diferenteak ikusteak, jendeak, kulturak eta bizitzeko moduak ikusteak. Helburua baino gehiago kuriositatea dela erranen nuke. Aunitz betetzen nau egunerokoan paisaia eta herri diferenteak ikusteak, aldaketa horiek bizitzeak. Beraz, erran daiteke helburua dela toki ederrak ezagutzea nire bizikleta gainean.
«Zenbat zabor dagoen ikusteak aunitz harritu eta penatu nau»
Nolakoa izan da bidaia egiteko prestaketa?
Ez nuen denbora aunitzik eman. Bi puntu argi nituen: Doneztebetik Tossa de Marrera joanen nintzela ezagun bati eskerrak emateko, eta handik Tolosa (Frantzia) aldera joanen nintzela. Niko eskubaloi taldez aldatu zen eta bisita egitera pasatu nintzen eta nire azken etxe finkoan hiru egun pasatu nituen. Gero, gutti goiti-beheiti banekien zein herrialdetatik pasatu nahi nuen. Gainera, banekien elurra aurkituko nuela hainbat tokitan, eta nire hasierako plana aldatu beharko nuela. Adibidez, atera aitzinetik Bosniara joatea ez zegoen nire planetan, baina Kroazian hagitz hurbil nintzen eta Bosniara pasa nintzen.
Eta bertzelako prestaketa?
Bizikleta egokia erosi nuen Jon Bru lagunarekin batera eta material berria erosi, eta neukana prestatzen aritu nintzen. Behin hori izanda, astebeteko bidaia egin nuen Espainian dena probatzeko eta erabakitzeko zer eraman eta zer ez. Buruhauste bat da, ezin duzulako nahi duzun guztia eraman. Orain, gauzak kentzen hasi naiz, beldurrak gutxitu zaizkidalako. Azken prestaketa izan zen ahalik eta objektu gehien saltzea eta bizi nintzen pisua alokatzea.
Bizikleta gainean ari zara bidaiatzen. Zertarako modua ematen dizu bizikletak?
Bizikleta beti izan da aukera bakarra. Egokia da ematen dizun abiaduragatik, gauzak kargatzeko ematen duen aukeragatik, toki txarretan sartzen ahal zarelako, errepidez ibiltzen ahal zarelako… Niri tresna paregabea iruditzen zait eta gainera bizikleta gainera igo eta orduak hor ematea gustuko dut. Bentajak bakarrik ikusten dizkiot. Bizikletan ibiltzean jendea hurbiltzen zaizu galdezka eta batzuetan ateak irekitzen dizkizute beraien etxeetara gonbidatuz, janaria emanez… Janariarena bereziki gustatzen zait, egun dena gosez egoten naizelako.
Logistikoki, nola antolatzen zara?
Gauza hauek buruhausteak sortzen dituzte beti, batez ere janariaren kontuak. Lau edo bortz egunerako janaria eramaten ahal dut gainean, eta gero gehigarri gisa fruitu lehorrak eta gisakoak hartzen ditut. Hala ere, gauzak aurkitzen ditut bidean. Une puntual batean kenduta, ez dut goserik izan. Lo egiteko ere inoiz ez dut arazorik izan. Gehienetan kanpin dendan egiten dut lo. Hasieran, bi astetik behin hostal batean gelditzen nintzen, baina epe hori luzatzen joan naiz, inon ez baitut kanpin denda bezain ongi lo egiten.
Eta komunikatzeko?
Gaur egun nahiko erraza da. Bosnian pixka bat galdua ibili nintzen E-sim txartelen kontuarekin. Meoki lagunak lagundu ninduen eta orain aditua naiz. Igandero Zeki Doneztebeko nire kuadrillari mezu bat bidaltzen diot nondik nabilen erranez, eta amarekin eta aitarekin tarteka telefonoz egoten naiz.
«Eguneroko bizitzan bezala, hemen ere errutina bat hartu dut»
Urtarrilaren 5ean atera zinen Doneztebetik. Aunitz aldatu zaizkizu planak geroztik?
Hasierako plan bakarra Tossa de Marrera eta handik Tolosara joatea zen. Bertze guztia gutti goiti-beheiti nuen buruan, baina beti izan dut buruan plana aldatzen ahal zela bai denborarengatik, nik hala nahi nuelako, edo bertze batzuen gomendioengatik. Burua irekia dut beti.
Bidaian ari zarela, nolakoa da zure egunerokoa?
Eguneroko bizitzan bezala errutina bat hartu dut. Goizean, argitzen duenean irekitzen ditut begiak, lurraldearen eta urtaroaren arabera lehenago edo beranduago. Normalean 06:30ean izaten da, eta ariketa eta luzaketa batzuk eginda gosaldu, dena bildu eta 08:30ean hasten dut bidea. Lau edo sei orduz ibiltzen naiz pedalei eragiten, baina izan daitezke baita zazpi edo zortzi ordu ere. Eguerdian batzuetan gelditu eta zerbait jaten dut, eta bertzela aitzinera segitzen dut. 16:00ak ailegatuta, non gelditu prestatzen hasten naiz. Zazpi litro ur hartzen ditut, kanpalekua muntatzen dut toki lasai eta baztertu batean, deskantsatu, irakurri, afaria prestatu eta zakura sartzen naiz. Zakuan irakurtzen hasten naiz, baina batzuetan ez naiz gai bi orri ere irakurtzeko, lo gelditzen naizelako.
Frantzia, Italia, Eslovenia, Kroazia, Bosnia, Montenegro, Albania, Grezia, Turkia, Georgia eta Armenian ibili zara. Zerk harritu zaitu gehien?
Herrialde denak dira diferenteak beraien artean, baina nabarmentzekoa da jendea ostalaritzan beti laguntzeko prest dagoela edozein herrialde izanda ere. Negatiboki gehien harrituta nau bizikleta gainean joanda munduan zenbat zabor dagoen ikusten dudala. Horrek aunitz harritu eta penatu nau.
Bederatzi hilabete daramatzazu etxetik kanpo. Denbora honetan zertan gozatu duzu gehien?
Zaila da gauza bakar bat aukeratzea. Egunero bizikleta gainean ematen ditudan orduak aunitz gozatzen ditut momentu eta egun txarrak kenduta. Hasierako bi edo hiru hilabeteak neguan izan ziren, eta hotz egin arren, euri guti egin zuen eta kanpalekua muntatu eta eguna nola akitzen zen ikusten aunitz gozatu nuen.
«Orain Armenian nago, eta nork daki non akituko dudan»
Eta zer izan da gogorrena?
Turkia. Bertan, haizeak bi aldiz kanpin denda hautsi zidan. Bitan konpondu nuen, baina azkenean ez zuen gehiago iraun. Azken gauetan haizeak gogor jotzen bazuen dena eusten egon beharra izaten nuen, eta lo gaizki eta gutti egiten nuen.
Nola sumatzen dituzu gorputza eta burua?
Gorputza ongi doa, nahiz bidaia gaixo hasi nuen eta Georgiako lehendabiziko bortz egunetan ere nahiko makal egon nintzen. Bertzelakoan, ez dut bertze deus izan. Burua berriz, azken boladan nahiko justu doa. Georgian bi aste eman nituen eta azkenerako ez nuen aunitz gozatu. Burua ez zihoan gorputzarekin batera, eta egiten ari nintzen ibilbidea utzi nuen. Tbilisira joan nintzen atseden bila eta bizikletarako kubiertak hartzera, handik Armeniara joateko. Aldaketa behar nuen.
Non barna eginen duzu Mongoliara arteko bidea?
Orain arte nahiko ongi bete da Mongoliara non barna joan nahi nuen. Orain Armenian nagoela neure burua nahiko ataskatua ikusten dut. Armeniatik ezin naiz ez Turkiara ez Azerbaijanera pasatu. Gainera, Iranera ez joateko gomendatu didate, ez delako momentu ona hara joateko.
Orain negua heldu dela, zailtasunak eraginen dizkizu horrek?
Mongoliara joateko Kirgizistan, Tadjikistan eta herrialde horietatik pasatu nahi dut baina ez daukat hotz horri aurre egiteko arroparik. Behin Armenia ikusita, geldituko naiz. Akaso, Georgiara bueltatu, eta zerbait pentsatzen hasi beharko naiz edo hegaldi bat hartuko dut Singapur aldera eta kontrako bidean joan. Ez nuke hegaldirik hartu nahi, dena bizikleta gainean egin nahiko nuke… Nonbait gelditu, negua pasatu eta pentsatu beharko dut.
Mongoliara oraindik ailegatu ez bazara ere, hurrengo bidaia dagoeneko buruan duzu?
Bai, bidaia honek bigarren zatia izaten ahal du. Kanadatik Ushuaiarako bidea egin nahiko nuke. Hasieran, dudatan egon nintzen handik hasteko. Baina, etxetik bizikleta gainean igota ateratzeak ere badu bere puntua eta horrek irabazi zuen. Orain Armenian nago, eta nork daki non akituko dudan.

