Herriaren eta bere jendearen oroimena berreskuratzen dituzten bi kultur ibilbide egiteko gonbitea egin di herritarrei eta bisitariei Beintza-Labaiengo udalak. Bi ibilbideak bertako ondare hurbilenaren inguruan antolatuak daude: garbitokiak eta iturriak. Urriaren 8an, asteazkenean, egin dute inaugurazio ekitaldia eta udal ordezkariak, testigantzak eman dituzten zenbait herritar eta lanak egin dituen Malerreka Common Zerbitzuak eta Cederna Garalurreko ordezkariak izan dira.
Leku hauek ez dira herri arkitekturaren testigantza bakarrik, baizik eta eguneroko historian aberatsak diren tokiak, batez ere emakumeekin lotuak, bertan arropa garbitzen, hizketan eta bizipenak partekatzen aritzen baitziren. Gaur egun, 6 eta 2,5 kilometroko bi ibilbideren bidez, natura betean paseatzeko, ezagutzeko eta ondareaz gozatzeko lekuak bilakatu dira.
Panel eta azalpen errazen bidez, garbitoki horiek bizirik ezagutu zituzten pertsonen testigantzak jasota, ibilbideetan zehar geldialdiak egitera eta urak herriaren bizitzan izan duen garrantziaz jabetzera gonbidatzen dute.
Ibilbide hau, Red Explora Navarra–Nafarroa Ezagutu Sarearen baitan, turismo hurbila, errespetuzkoa eta aberasgarria sustatzeko sortu da. Plan bikaina da kultura, paisaia eta tradizioa uztartu nahi dituztenentzat, bai Malerrekan, bai Bidasoa eskualdean.
Testigantzak eman dituzten herritarretako batzuk, Malerreka Common Zerbitzuak enpresako Isabel Elizalderekin.
Ibilbide hau Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatu da, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez. Lanak Malerreka Common Zerbitzuak mikrokooperatiba eta gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak egin ditu.
Asteazkeneko aurkezpenean adierazi dutenez, «Beintza-Labaien zure zain dago, bere iragana berraurkitzeko… eta orainaldian gozatzeko!».