Euskararen Eguna prest dute urriaren 10 eta 11rako Zubietan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 9a

Txapela Brava taldearen emanaldia izanen dute larunbat ilunabarrean Zubietako Euskararen Egunaren egitarauaren barrenean.

Ostiralean, pintxo lehiaketa, mus txapelketa eta trikipoteoa izanen dituzte eta larunbatean mendi lasterketa eginen dute lehen aldiz eta beste hainbat ekintza.

Egitarau zabalarekin Euskararen Eguna antolatu dute Zubietako gazteek urriaren 10 eta 11ko astebururako. Ohiko ekitaldiez gain, aurten, lehen aldiz, mendi lasterketa ere antolatu dute eta ehun korrikalari espero dituzte.

Urriaren 10ean, ostiralean 20:00etan pintxo lehiaketa izanen dute Errandonea ostatuan (pintxoak entregatzeko epea 18:00etatik 19:30era) eta trikipoteoa ere eginen dute. 22:00etan mus txapelketa jokatuko dute Errandonean. 22:30ean Ezin Egon musika taldearen emanaldia izanen dute.

Joaldunek ez dute hutsik eginen Zubietako Euskararen Egunean.

Urriaren 11n, larunbatean, aurtengo berrikuntza nagusiarekin hasiko dira ekitaldiak. 09:00etan abiatuko da gazteek lehen aldiz antolatu duten mendi lasterketa, baina 07:30erako hasiko dira dortsalak banatzen. 10:00etan hasita, herriko eskulangileen lanak egonen dira ikusgai eta erosgai plazan. Saski baten zozketa ere eginen dute eta joaldunak ibiliko dira goizean. 11:45ean Kuatukada batukada taldea ibiliko da. 12:30ean mendi lasterketako sari banaketa eginen dute. 13:00etan aizkora apustua: Jesus Etxeberria eta Jazinto Etxekonanea; Mikel Indakotxea eta Raul Castro eta Mikel Santesteban eta Julen Urrutia. Zortzi kanaerdiko moztu beharko dituzte. 14:30ean herri bazkaria. 16:30ean haurren ginkana. 18:00etan Mutil Gazteak txaranga ibiliko da. 20:30ean Txapela Brava musika taldearen emanaldia. Ilunabarrean, taloak izanen dira. 23:30ean hasita Olgetan erromeria taldea izanen da plazan eta ondotik gaupasa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun