Gross erremonte txapelketa azkarra jokatuko dute larunbatean Galarretan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 8a

Gross txapelketan parte hartuko duten zortzi erremontistetatik bortz aurkezpenean. Ezkerrean Aimar Jabalera doneztebarra eta eskuiinean Aritz Juanenea aldiastarra.

Gross Erremonte jaialdia jokatuko dute larunbatean Hernaniko Galarretan eta txapelketa aurkezpena egin zuten astearte arratsaldean. Zortzi erremontista ariko dira lehian, lau bikotetan banatuak. Finalerdiak eta finala jokatuko dituzte.

Juanenea, Ezkurra II.a eta Jabalera daude jaialdi berezi honetan parte hartuko duten erremontisten artean

Oriamendi enpresako Xabier Gonzalezek azaldu duenez, jaialdi hau «formatu bereziko» txapelketa izanen da, egun bakarrean jokatuko diren bi finalaurreko eta final batekin. Pilotalekuko ateak larunbatean 16:00etan irekiko dituzte, eta lehia 17:00etatik aurrera hasiko da. Lehen finalaurrekoa Aimar Jabalera doneztebarrak eta Barrenetxea IV.ak jokatuko dute Goikoetxea V.aren eta Larrañagaren aurka. Irabazleek zuzenean lortuko dute finalerako txartela.

Bigarren finalaurrekoan, berriz, Aldabe eta Aritz Juanenea saldiastarra arituko dira Josetxo Ezkurra II.a doneztebarraren eta Azpirozen aurka. Bi norgehiagoka hauetako irabazleek jokatuko dute eguneko finala.

Partidak set formatuan jokatuko dira: lehen bi set edo jokoak 10 tantora izanen dira, eta bana berdinduz gero, hirugarren set erabakigarria jokatuko da, 5 tantora.

 

Garagardoa, musika eta festa giroa

Ondotik, Gross garagardotegiko Andoni Galdosek aipatu zuenez, «larunbateko jaialdia erremontetik harago doa: kultur, gastronomia eta musika festa bat izango da».

Partiduak jokatzen dituzten bitartean zozketak eta sorpresak egongo dira, eta gainera, Baga Biga, Meta Edabeak eta Pagoa garagardotegiak ere izango dira gonbidatu.Partiduak akitutakoan, food truck afaria eskainiko dute pilotaleku inguruan, eta 21:00etatik 00:00etara DJ saioak izango dira, festa giroari jarraipena emanez. Galdosek iragarri zuen, gainera, «sorpresa ikusgarri» bat izango dela gau partean.

 

Aritz Juanenea: «Txapelketa bikaina une egokienean»

Aritz Juaneneak, buruz buruko txapeldun berriak, pozik agertu da formatu honetako jaialdiarekin: «Txapelketa express hau une ezin hobean dator, udako Buruz Burukoaren ondoren eta bikoteen txapelketaren atarian. Pilotariontzat momentu fisiko eta tekniko bikaina da, eta maila oso altuko norgehiagokak espero ditut». Sarrerak www.oriamendi.eus webgunean ea larunbatean Galarretan bertan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun