Ameriketan ibilitako artzainek giro ederrean ospatu dute bere eguna Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 6a

Bere garaian Ameriketan artzain ibilitakoak eta beraien senideak, 300 lagun baino gehiago bildu ziren igandean Euskal Artzainak Mendian ospakizunean. Omenaldia eskaini zitzaien hiru artzainei, Zubietako Tomas Ibarrari eta Xanti Hualderi eta Elgorriagan bizi den Lucio Irisarriri, bertzeen artean. Ustekabean, Laura Igantzi, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidenteari ere omenaldi egin zioten. Igantzik aipatu zuenez, «datorren urtean eginen da artzainen azken besta Lesakan, 2006an lehena egin zen leku berean». Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak jakinarazi zuenez, Lesakan eginen dute datorren urtean azken ospakizuna

Besta egun handia izan zen igandekoa Donezteben: herri kirolak izan zituzten arpanlariekin eta Estefi Etxebeste harri altxatzailearekin. Meza ondotik, Doneztebeko txistulariek jotako eta Mendi abesbatzak kantatutako Aurreskua dantzatu zuen Itxaso Estangak. Gero, omenaldia eskaini zitzaien Tomas Ibarra eta Xanti Hualde zubietarrei eta Elgorriagan bizi den Lucio Irisarriri, baita Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidente Laura Igantziri, Arantxa Arregi Doneztebeko alkateari, Carmen Elizalderi eta Fermina Goienetxeri, elkartean eta Elgorriagako museoan egiten duten lanarengatik. Mendi abesbatzako Xalbador Arriolak Xalbadorren heriotzean kantatu zuen. Karrikaz karrika ibili ziren gero, Zubietako joaldunen, zaldi eta zaldunen eta Doneztebeko tistularien laguntzarekin. Gero, 340 lagun bildu ziren Ezkurra pilotalekuan egindako bazkarian. Laura Igantzik berriki hildako Simon Mendiburu ere gogoan izan zuen, besta honetan huts egiten ez zuen 99 urteko artzaina.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun