«Urte bizia»
«Urte bizia». Hitz horiexekin deskribatu dute elkartearen urtebeteko bidea. Alde batetik, «helburu gehienak bete nahi» zituztela aitortu dute, «baina zenbait gauza ez daude gure esku edo denbora gehiago behar da». Eta bertzetik, «egindako ibilbidearekin harro» daudela gehitu dute: «Adin aunitzetako jendearekin harremanetan izan gara eta indarkeria motak ikusarazteko eta kontzientziatzeko balio izan du». Gisa horretara, horrek «gizartean barneratua den eta belaunaldiz belaunaldi errepikatu den pentsamenduaz ohartzen lagundu» die. «Jarrera oker hori desikasteko ahalegina» baden arren, «kostako da». Itxaropena, ordea, ez dute galdua.
«Adin aunitzetako jendearekin harremanetan izan gara eta indarkeria motak ikusarazteko eta kontzientziatzeko balio izan du»
Elkarteak izan duen bilakaera ere «positiboa» izan da haien hitzetan. Datu zehatzik eman nahi izan ez badute ere, «bazkide kopurua goratu» dela kontatu dute. «Bazkide batzuk jarraitzaileak dira, hau da, urteko kuota bat ordaintzen dute, baina parte hartze aktiborik gabe. Bertze batzuk, berriz, arrazoi pertsonal, ideologiko edo enpatikoengatik, hasieratik kausarekin bat egin dute eta beraien denbora eta aukeren arabera parte hartzen dute». Hori bai, «atea beti zabalik». Hori argi utzi nahi izan dute. «Itxiak dauden ateak bertze leku aunitzetan daude, eta ez lukete itxiak egon behar. Burmuin itxiak ere badira, zoritxarrez». Aske elkartean parte hartzeko nahikoa da askebmb@gmail.com helbidera mezu bat igorrita. Telefono bidez ere harremanetan jartzen ahal da (624 75 64 50).
Jarduerak
Genero indarkeria jasan duten emakumeei espazio seguru bat eskaintzeko helburuarekin hasi zuen bidea Askek, eta xede horrekin, jarduera saila egin dituzte, «denak genero indarkeria motak ikusarazteko eta kontzientziatzeko». Ekintza horietako bat Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak nola iraunarazten diren, ikuspegi historikotik eta gaur egungo egoeratik jardunaldia izan zen, Yolanda Villegas historialariarekin egindakoa.
Bertze aldi batean, genero indarkerian espezializatua den Sara Vicente abokatua gonbidatu zuten. Indarkeria bikarioa ere landu izan dute: «Blanca Tulleudak bere istorioa kontatu zuen eta Maria Bestarrek egindako Ez zaude erotuta film laburra pantailaratu genuen». Kasu horretan, ordea, «ez zuen espero genuen harrera izan». Hortik tiraka, «inkesta bat» egin zuten, eta «jendeak ez zuela gaia ongi ezagutzen, eta sare sozialetako informazioa gehiegizkoa eta nekagarria iruditzen zitzaiela» ondorioztatu zuten. Horregatik, hain zuzen, «Askek jarduera kopurua murriztea erabaki du, ikusgarritasuna eta kontzientzia lantzeko bertze modu batzuk bilatuz, helburuak alde batera utzi gabe».
Ihes gelaren harrera ona
Escape Rooma edo ihes gela da genero indarkeria motak ikusarazteko sortu duten tresna horietako bat, eta erantzun ona izan duena, gainera. Bertze emakume elkarteekin elkarlanean sortu dute. «Euskaraz eta gaztelaniaz da eta adin aunitzetako jendearendako egina. Herri aunitzetara eraman dugu eta harrera hagitz ona izan du».
Modu batera edo bertzera, elkarteak «Malerrekan ez ezik, Bortzirietan, Baztanen eta Nafarroa osoan ekarpena» egin duela iruditzen zaie. Baina bueltan hartu dutena ere nabarmendu dute; «Malerrekak ekarpen handiagoa egin dio Askeri. Hasieratik harrera beroa egin zigun». Eta bereziki Eratsungo herria izan dute gogoan: «Escape Rooma antolatu zuten gazteekin eta helduekin, eta Kuadrillen Egunean bildutako diruarekin ekarpen ekonomiko bat egin ziguten. Guretako ohore handia izan da».
Gabeziak
Malerrekako Mankomunitateak berriki berdintasun agente bat kontratatu izana ere txalotu dute: «Azkenean ailegatu da! Aspaldiko eskaera da eta kontent gaude. Lan handia du aitzinetik, baina bertze batzuk bakarrik hasi ziren eta lorpen handiak egin dituzte. Gure konfiantza osoa du».
Baina pausoak aitzinera eginagatik, «gabeziak» aunitz dira oraindik Askeren arabera. Alde batetik, «proiektu eraginkorrak martxan paratzeko baliabide ekonomiko falta» aipatu dute, «eta gobernuaren aldetik ez da zubirik eraikitzen». Gizartearen aldetik, berriz, «babesa ez da nahikoa. Lehentasunen artean, aldeak handiak dira, eta horrek elkartasuna zailtzen du». Bertzetik, gobernuen «lege zaharkituak» kritikatu dituzte, eta gehiago ere bai: «baliabideak eman beharrean, trabak paratzen dituzte. Gobernuaren jabetzako eraikinak hutsik daude, hondatuak, eta ez dira proiektu sozialetarako uzten. Aurrekontuak eskasak dira, eta proiektuak erdizka gelditzen dira edo ez dira hasten. Baliabide ekonomikoek gure helburuak baldintzatzen dituzte».
Erronkak
Eta egoera ikusita, erronkak ere «aunitz» Askekoek diotenez; «bai pertsonalak, bai elkartekoak». Horien artean, «erronka nagusia Escape Rooma hezkuntzan txertatzea» dute, «gazteengana ailegatzeko. Parte hartu duten gazteek jarrera bikaina erakutsi dute, eta emozio eta gatazka ugari partekatu dituzte». Bertze erronka «autozaintza» dute, «tratu txarrak jasaten direnean, osasun mentala eta fisikoa zaintzea ezinbertzekoa baita, sendatzeko eta familia zaintzen segitzeko».
«Emakumeon arteko elkartasuna da gure indarra»
Horiek guziak horrela, agerian gelditu da hasitako bideari segida eman nahi diotela, «hankak lurrean, pauso sendoak emanez». Behar duenarendako bidelagun izateko prest dira: «Aske ez da talde bat bakarrik, mugimendu bat da. Emakumeon arteko elkartasuna da gure indarra». Eta hori erranda, emakumeei egin diete deia: «Zatozte, parte hartu, eraiki dezagun elkarrekin etorkizun feminista bat. Gure borroka ez da isolatua. Sarea egiten da eta sare horretan emakume bakoitzak badu lekua».

