Nafarroako Gobernuak Sara Apeztegia doneztebarra saritu du Autonomoen Lana Aitortzeko Galan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 2a

Nafarroako Gobernuak atzo banatu zituen autonomoen lana aitortzeko aurtengo sariak Gorraizen. Hamazazpi profesionalen ibilbidea eta ekarpena nabarmendu zuen, eta horien artean, Sara Apeztegia Larraintzar doneztebarrarena. 

Nafarroako Gobernuak 2017az geroztik ematen ditu sari hauek, eta aldi honetan, 50 hautagai izan dira. Horien artean, hamazazpi aukeratu dituzte Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluak eta herritarrek, botazio bidez. 

Atzokoan, bertzeak bertze, nekazaritzako elikagaien sektorean, eraikuntzan, merkataritzan, ostalaritzan, jarduera artistikoetan, edertasunean eta zaintzan ari diren hamazazpi langile autonomoren lana aitortu zuten. Sara Apeztegia Larraintzar doneztebarraren kasuan, eraikuntzan, zurgintzan, ebanisterian, pinturan, igeltserotzan, beirategian, arkitekturan, barrualdeen diseinuan eta paisajismoan profesional hoberenaren saria hartu zuen. Nafarroako Gobernuak gaineratu zuenez, «Apeztegia belaunaldien arteko erreleboaren adibidea da bere familiako enpresan, Donezteben».

Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak banatu zituen atzo sariak, eta autonomoek egiten duten lana nabarmendu nahi izan zuen: «Nafarroako Gobernuan pertsona autonomoei segurtasun eta babes handiagoa emanen dien esparru bat eraikitzen segitzeko lanean ari gara, gure ekonomiaren funtsezko zutabeak baitira». Gehiago ere erran zuen: «Ekonomikoki funtsezko pieza izateaz gain, aukerak, aberastasuna eta enplegua sortzeko gai dira eta, ezinbertzekoak gure gizartean eragiteko: gure auzoak bizitzaz betetzen dituzue eta gure herriak dinamizatzen dituzue». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun