Saldiasko Otsonta eskolan instalazio berriak dituzte goraka doan ikasle kopuruarendako

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 2a

Saldiasko Otsonta eskolako ikasle eta irakasleak, zenbait gurasorekin, berritutako eskolaren atarian.

Saldiasko eskolan berrikuntza handiak izan dituzte ikasturte hasiera honetan. Izan ere, ikasle kopuruaren bilakaera ikaragarria izan da 123 biztanle dituen herri batentzat. 2008-2009 ikasturtean bost ikasle izan zituzten eta, aurten, 2025-2026 ikasturtean, 17 izatera pasatu dira. 

2008-2009 ikasturtean bost ikasle izatetik, aurtengoan 17 izatera pasatu dira eta bi gela berri sortu dituzte

Horren ondorioz, eskola txiki gelditzen ari zen eta horregatik, luzapen bat egin dio eskolari udan Saldiasko Udalak. Izan ere, bi gela berri sortu ditu: psikomotrizitate eta jarduera anitzeko gela, alde batetik, eta irakasleentzako gela bat, beste batetik. 

Otsonta eskolako psikomotrizitate gela berria.

Kanpoko itxura ere eguneratu diote, izan ere, teilez osatutako teilatu berria dauka oraingo eskolak, eta xuriz margoturik dago. Eta eraikinaren horniduran ere lan egin behar izan dute, biltegi gisa erabiltzeko gelatxo bat ere eraiki behar izan dutelako kanpoko aldean, berogailurako.

Teilatu berria dauka orain eskolak eta xuriz margotu dute.

Otsonta eskolako komunitate eta herri osoarendako mugarri garrantzitsua izan da ikasturte hasiera hau eta memoria kolektiboan gorde nahian, argazki polit hau atera dute.

Ahalegin ekonomiko handia egin behar izan du Saldiasko Udalak zaharberritze lan hauek aitzinera eramateko, baina merezi izan duelakoan daude. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun