Topaketa Morea eginen dute larunbat honetan Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 2a

Joan den urtean Arizalan egin zuten Topaketa Morea.

Emakumeak politikan. Erronkak eta aukerak Nafarroan lelopean Topaketa Morea eginen dute larunbat honetan, urriaren 4an, Doneztebeko zineman. COMFIN Nafarroako Berdintasunaren Aldeko Emakumeen edota Feministen Erakundeen Koordinakundeak XII. aldiz antolatu du, Aske elkartearen, Doneztebeko Udalaren eta Malerrekako Mankomunitatearen laguntzarekin.

Malerrekako Aske Emakume Taldeko kideek kontatu dutenez, «elkartea sortu zenetik COMFINen lan egin dugu eta elkartea izan zen Donezteben egitea proposatu zuena». Dena behar bezala ateratzeko «Doneztebeko Udalarekin elkarlanean» aritu dira Askekoak: «espazioa aukeratu, herriko jatetxeak eta establezimenduak bilatu jateko zerbitzuak eskaini ahal izateko, garraioa landu, eta bertzeak bertze, dekorazioa zaindu; gure eskualdea, gure kultura eta gure nortasuna islatu nahi izan dugu, gure sustraietatik abiatuta».

Egitaraua
  • 09:15ean Aske elkarteko kideek ongietorria eginen dute.
  • 09:30ean Maria Txibite Nafarroako presidenteak, Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Yolanda Rodriguez COMFINeko lehendakariak topaketari hasiera emanen diote.
  • 10:00etan Emakumeak politikan. Etorkizuneko erronkak: Parekidetasunetik berdintasunera hitzaldia emanen du Nuria Varela idazleak eta adituak.
  • 11:30ean deskantsua izanen dute.
  • 12:00etan emakume politikarien eta COMFINeko bazkideen testigantzak biltzen dituen dokumentala ikusiko dute. 
  • 12:30ean tailerrak hasiko dira: Emakumeok politikan ditugun zailtasunak, eta beharrak; Emakumeek politikan parte hartzeko eragin feminista eta Politikarien foru sarea sortzeko eta sendotzeko oinarriak.
  • 13:45ean tailerretan ateratako ondorioak hartuko dituzte hizpide.
  • 14:45ean akituko dute topaketa, Arantxa Arregi Doneztebeko alkatearen eta Cederna Garalur elkarteko lehendakariaren agurrarekin.
Bidea egiteko

Topaketako gaia hizpide hartuta, Askeko kideendako, «arlo guzietan emakumeek oraindik ere desberdintasunak dituzte gizonezkoekin konparatuta, eta hori nabarmenagoa da boterearekin lotutako karguetan. Mundu hau betitik gizonek eta patriarkatuak gobernatu eta kudeatu dutenez, ez dute erraztasunik emanen emakumeek parte har dezaten». Hala ere, hori «ikuspegi orokorra» dela argitu nahi izan dute, «gero eta gizon gehiago direlako genero berdintasunaren alde jarrera aldaketa sakonak egiten eta aldarrikapenak babesten ari direnak. Beraz, zerbait ari da aldatzen, nahiz eta oraindik bide luzea gelditu».

Gehiago ere bai. Topaketaren bueltan, Nafarroako Gobernuko ordezkariak Donezteben izanen direla probestuz, alde batetik, «eskerrak» eman nahi izan dizkiete hurbiltzeagatik, baina bertzetik, «emakumeen ahotsa egiatan aditzeko eta kontuan hartzeko» eskatu diete: «Politika feministak ez dira hitzak bakarrik; ekintzak eta konpromisoak behar dira. Gure eskualdeko errealitatea ezagutzea funtsezkoa da politika eraginkorra egiteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun