
Azken aldi honetan Beintza-Labaienen bizitzen ari garen inpunitate/zigorgabetasun egoera bat salatu nahi dugu: udal ordenantzetan baimendutako jardueretan (bai jarduera eta ordutegia, bai eremu publikoan) herrian ezaguna den bizilagun batek inongo erreparorik gabe ume eta gaztetxoen irudiak hartzen ditu (irudian: haurrak Beintzako frontoian; bizilaguna irudiaren goian eskuinean), jarduera horiek eremu publiko batean garatzen ari direla argudiatuz; baita haurrak bere kabuz jostatzen ari direnean ere. Haurrak eta jarduerak ez omen ditu gustuko bizilagun honek eta deseroso sentiarazten ditu, inork ez baitu gustuko bere aisialdian edo bizitzan baimenik gabe grabatua izatea. Gizon hau probokatzaile hutsa da eta haurren egonezina eta sufrimendua erabiltzen ditu bere helburua lortzeko: eremu publikoetan jolasak, irriak, bizitza…. debekatzea. Inoiz kontu eskatzen badiozu, bera “legalki” ari dela erranen dizu eta, agian, polizia deituko du, mehatxatua sentitzen dela erranez.
Hainbat entitatetara jo dugu (Malerrekako Mankomunitatea, Arartekoa…), baina legez deliturik ez dagoela erraten dute. Eta gure Udalak bertze aldera begiratzen du, nahiz eta bere herriko eremua izan. Eta zigorgabetasun horretan bizilagun horrek haurren irudiak hartzen eta haien egonezina sortzen segitzen du.
Egoera ezagutzera eman eta salatu nahi dugu eta espero dugu egunen batean legeak gure haurren eskubideak bermatu eta honelako jarrera lotsagabeak bukatuko direla.
Izenpetua:
Mikel Albisu eta atxikimendua adierazi duten bertze 34 lankide eta hezitzaile Euskal Herrian gaindikoak.