Aritz Juanenea saldiastarrak lehen aldiz irabazi du buruz buruko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 29a

Aritz Juanenea saldiastarra txapeldun eta Endika Barrenetxea hernaniarra txapeldunorde, buruz buruzko erremonte txapelketaren finalaren ondotik. Argazkiak: Maialen Andres

Aritz Juanenea saldiastarra Eusko Label Buruz Buruko txapelketaren hamazazpigarren txapeldun handia da, larunbatean Galarretan jokatutako finalean Barrenetxeari IV.ari 30-27 irabazi eta gero. Bere lehenengo txapela merezimendu osoz lortu zuen Saldiasko atzelariak. Atzelari hernaniarra baino hobeto jokatu zuen eta bere lehenengo txapela jantzi zuen. Gainera, 9-15 irabazten ari zela, Juaneneak zaintiratu bat izan zuen. Barrenetxeak aurrea hartu zuen (19-17). Bazirudien hernaniarrak bere hirugarren txapela jantziko zuela, baina Saldiaskoak ez zuen etsi eta ezbehar horri buelta ematea lortu ahal izan zuen. 2014an etorri zen buruz buruko erremonteko azken txapela eskualdera. Orduan, Julen San Miguel doneztebarrak irabazi zuen.

Larunbateko finalean 30-27 irabazi dio Endika Barrenetxeari partida lehiatu batean

Partida ongi hasi zuen Juaneneak. 0-3 aurreratu zen eta Barrenetxeak seina berdindu arren, 0-6ko partzial baten ondoren 6-12 hartu zuen aurrea Juaneneak. Ordurako hernaniarrak sei pilota galduak zituen eta Saldiaskoa, berriz, oso serio ari zen jokatzen, hobeto errestoan eta sakean. Piloteoan berdintasun handiagoa zegoen, baina akatsek kalte egin zioten Barrenetxeari.

Partidako abantailarik handiena 7-14koa izan zen Juanenearen alde. Bere momenturik onenean zen saldiastarra, baina 9-14koan zaintiratu bat izan zuen eskuineko hankan eta aldageletara joan zen. Bueltan errenka zegoela nabaritzen zitzaion, nahiz eta partidan sartuta jarraitu. 

Endika Barrenetxea hobeto hasi zen sakatzen eta horri esker desabantaila murrizten joan zen. Gainera Juanenea oraindik hotz zegoen eta 9-15ekotik, 19-17ra pasa zen hernaniarra agintzera. Partida bere alde eroriko zela zirudien. Hala ere, Juanenea ez zegoen prest horretarako. Indarrak atera zituen eta lesioa berotu zenean bere onena atera zuen. 20na berdindu eta 22-24 ere jarri zen aurretik. Ordurako finala azken tantoetan erabakiko zela argi zegoen. 25na, 26na eta 27na berdindu zuten. Azken lau tantoak Juanenearen alde izan ziren. Ederki erreboteatu zuen eta Barrenetxeak ezin izan zuen Juanenea gainditu. 27-30ekoak kantxan ikusi zena islatu zuen.

Aita zena gogoan izan zuen Juaneneak txapela eskaintzerkoan. Argazkia: Maialen Andres.

Juaneneak 19 tanto egin zituen piloteoan eta bost saketik. Oso akats gutxi egin zituen, bakarra sakean eta bi piloteoan. Endika Barrenetxeak piloteoan 18 tanto egin zituen. Saketik sei lortu zituen, baina bi falta egin zituen eta piloteoan lau akats egin zituen. Gainera Juanenearen hiru sake errestoko akatsak izan ziren.

 

Juanenea, garaipena eta txapela ospatzen. Argazkia: Maialen Andres

 

Aritz Juanenea: «Lagun batek ‘harro gaude zutaz’ esan dit eta hori gasolina izan da niretzat»

Aritz Juanenea pozik eta hunkiturik agertu zen komunikabideen aurrean partida akitu eta gero. «Niretzako ikaragarria izan da. Orain bi urterekin alderatuta diferente etorri naiz eta gorputzaldi oso onarekin. 15-9koan lesionatu ere egin naiz, baina ikaragarri sufritu dut aurrera jarraitzeko. Egun borobila izan da eta konfiantza osoarekin atera naiz kantxara. Jokoan errebotean min egitea lortu dut eta hori izan da gakoetako bat. Barrenetxeak aurrea hartu didanean galduta ikusten nuen finala, baina harmailetatik lagun batek esan ditu harro gaude zutaz eta hori gasolina izan da niretzat. Psikologikoki gora etorri naiz. Oso harro nago egin dudan partiduaz. Aimar Jabalerak egin duen lana ere botilero bezala aipatzekoa da, eskertzekoa. Behin irabazita pisua kendu dut gainetik , presioa nabaritzen nuen, baina orain arinago sentitzen naiz. Txapela eskaini nahi diot batez ere nire aita zenari, debuta ikusi ondoren ez zuen partida gehiagorik ikusi. Nire familiari, emazteari, alabari, Naroari, Ainarari, Unairi... denei eskaintzen diet txapela. Endikaren elegantzia ere aipatu nahiko nuke, hemen bagaude berari eskerrak ere bada, gizontasunez jokatzen du beti».

Aritz Juanenea Malerrekatik hurbildutako lagunekin ospatzen. Argazkia: Maialen Andres

 

Endika Barrenetxea: «Aritzek hobeto jokatu du»

Endika Barrenetxeak argi zuen ez zuela bere egunik onena izan. «Aritzek hobeto jokatu du. Lotuta ibili naiz eta partida aurrera joan ahala okerrago sentitu naiz. Gehiago asmatu du berak eta nik ez du nire lana egin. Nahiz eta aurretik jarri naizen eta bera ez egon ongi ez dut inongo momentutan txapela nire buruan ikusi. Hurbildu naiz ala moduz. Geldialditik hotz etorri da baina berotu denean berriz ere hobeto aritu da. kale edo bale jokaldi batzuk egin ditu eta asmatu ere bai. Oso ongi erreboteatu du».

Zubietako joaldunak ere izan ziren sari banaketan. Argazkia: Maialen Andres

 

Goikoetxea V.a eta Aiestaran VI.a, Oriamendi Txapelketako txapeldun

Goikoetxea V.ak eta Aiestaranek binakako promozioko Oriamendi Txapelketako finala erraz irabazi zieten Aimar Jabalera doneztebarrari eta Eskuderori (15-8 eta 15-7). Jaun eta jabe izan ziren hasieratik amaierara bitarte eta partidurik galdu gabe irabazi dute txapela.

Jabalera pilota astintzen Oriamendi txapelketaren finalean. Eskuderorekin batera galdu egin zuen, Goikoetxea V.aren eta Aiestaran VA.aren kontra.

 

BURUZ BURUKO TXAPELKETAKO PALMARESA

URTEA TXAPELDUN-TXAPEDUNORDE

  • 1944 ÁBREGO-SALSAMENDI
  • 1952 ARESO
  • 1981 INTXAUSPE-ZESTAU
  • 1986 AGERRE-INTXAUSPE
  • 1987 INTXAUSPE-MUJIKA I
  • 1988 MUJICA I-AIZPURU
  • 1989 MATXIN II-INTXAUSPE
  • 1990 MATXIN II-MUJIKA I
  • 1991 MUJICA I-ELIZALDE
  • 1992 MATXIN II-MUJIKA I
  • 1993 AIZPURU-AGERRE
  • 1994 MATXIN II-AIZPURU
  • 1995 EZKURRA-AIZPURU
  • 1996 EZKURRA-EIZAGIRRE
  • 1997 EZKURRA-EIZAGIRRE
  • 1998 EZKURRA-LIZASO
  • 1999 EZKURRA-EIZAGIRRE
  • 2000 LIZASO-EZKURRA
  • 2001 EZKURRA-LIZASO
  • 2002 EZKURRA-ZEBERIO II
  • 2003 EIZAGIRRE-EZKURRA
  • 2004 EZKURRA-LIZASO
  • 2005 EZKURRA-LIZASO
  • 2006 ZEBERIO II-URRUTIA I
  • 2007 ZEBERIO II-EZKURRA
  • 2008 URRUTIA I-ZEBERIO II
  • 2009 URRUTIA I-ZEBERIO II
  • 2010 EZKURRA-SAN MIGUEL
  • 2011 EZKURRA-URRUTIA I
  • 2012 URRIZA-ZEBERIO II
  • 2013 URRIZA-SAN MIGUEL
  • 2014 SAN MIGUEL-URRIZA
  • 2015 URRIZA-UTERGA
  • 2016 URRIZA-BARRENETXEA IV
  • 2017 URRIZA-UTERGA
  • 2018 URRIZA-UTERGA
  • 2019 BARRENETXEA IV-URRIZA
  • 2020 URRIZA-ENDIKA
  • 2021 BARRENETXEA IV-URRIZA
  • 2022 URRIZA-BARRENETXEA IV
  • 2023 ANSA II-JUANENEA
  • 2024 ANSA II-BARRENETXEA IV
  • 2025 JUANENEA-BARRENETXEA IV

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun