Beintza-Labaienen lau garbitoki eta iturriak ezagutzera emateko, bi ibilbide prestatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 26a

Argazki eta azalpenez gain, euren bizitzan garbitokiak ezagutu zituzten pertsonen testigantzak ere bildu dituzte paneletan.

Herriaren eta herritarren historia berreskuratzeko lagungarri diren bi ibilbide kultural prestatu dituzte Beintza-Labaienen. Ibilbide hauek egitera animatzen diren herritar eta bisitariek, Beintza-Labaiengo ondarea ezagutzeko modu polita izanen dute, berreskuratu dituzten garbitokiak eta iturriak bisitatuz.

Bi ibilbide garai bateko garbitokiak eta iturriak ezagutzeko

Garbitokiak eta iturriak herri arkitekturaren ondare garrantzitsuak izateaz gain, hamaika istorioren tokiko ere izanak dira, batez ere emakumeekin lotuak iturrira uraren bila edo garbitokin arropak garbitzen ari ziren bitartean.

Argazkiak eta azalpen labur batzuk dituzten paneletan, garbitoki horiek ezagutu zituzten pertsonen lekukotasunak ere bildu dituzte.

Bada, natura eta xoko zoragarriak ikusi bidenabar, garbitokiak eta iturriak ezagutzeko bi ibilbide prestatu dituzte. Ibilbide batek 6 kilometroko luzera du eta bertzeak 2,5 kilometrokoa. Eta ez hori bakarrik, ibilbidean barrena geldialdiak egin eta hain preziatua den urak herriaren bizitzan izan duen garrantziaz jabetzera gonbidatzen dute ibiltaria.

Ibilbide hauek Red Explora Navarra–Nafarroa Ezagutu Sarean barnean daude sartuak. Lana egiteaz Malerreka Common Zerbitzuak izeneko mikrokooperatiba arduratu da eta Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuak eman duen laguntzarekin finantzatu da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun