Mendi Abesbatzak Baionan abiatuko du kurtso berria

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 25a

Mendi abesbatzak Baionan kantatuko du larunbatean eta Urrozen astelehenean.

Doneztebeko Mendi Abesbatzak kurtso berriari gogoz ekin dio eta dagoeneko lehendabiziko emanaldietarako azken xehetasunak lantzen ari da. Larunbat honetan, hilak 27, Baionan kontzertua eskainiko du, bertako Enara abesbatzak gonbidatuta. Hitzordua 20:30ean izanen da San Andres elizan.

Larunbatean 20:30ean eskainiko du emanaldia San Andres elizan, bertako Enara abesbatzak gonbidatuta eta astelehenean Urrozen kantatuko du

Kantu sakroekin hasiko badira ere, gure folkloreko hainbat doinu izanen dira Jon Iratzokik zuzenduko duen abesbatzaren errepertorioaren oinarri: Aita Donostiaren Hiru txito, Jose Luis Ansorenak moldatutako Boga Boga edota Josu Elberdinen Izar ederrak, erraterako.

Mendi abesbatzaren ondotik, Enara emakumeen abesbatzak kantatuko du, Jordi Freixaren zuzendaritzapean.

 

Astelehenean, Urrozko bestetan

Baionako emanaldiari segida emanez, datorren astelehenean, irailak 29, Mendiko abeslariak Urrozera joanen dira, San Migel bestetako ospakizunetan parte hartzera, Urrozko Udalak gonbidatuta. 11:00etako mezan abestuko dute eta ondotik beraien emanaldia eginen dute herriko plazan edo frontoian, eguraldiaren arabera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun