Buruz buruko erremonte finalerako pilotak bereizi dituzte Juaneneak eta Barrenetxeak

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 24a

Endika Barrenetxea eta Aritz Juanenea, larunbateko finalerako aukeratutako pilotekin. Argazkia: Maialen Andres

Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak Buruz Buruko Eusko Label Txapelketako finala jokatuko dute irailaren 27an, larunbatean, Galarretan eta pilotak aukeratu zituzten astearte arratsaldean. Laburbilduz, Barrenetxea IV.ak pilota bizienak hartu zituen eta Juaneneak, aldiz, motelagoak.

Hernaniarrak material biziagoaren alde egin du eta saldiastarrak pilota motelagoen alde

Barrenetxea IV.a izan zen kantxaratu den lehena, eta hamar minutu ere ez zituen behar izan finalerako hiru pilotak aukeratzeko. 125, 125 eta 127 gramoko pisua duten lote bereko hiru pilota.

Gero, Juanenearen txanda izan zen, eta denbora pixka bat gehiago behar izan zuen, hamar bat minutu, baina ideiak argi zituen. 125, 126 eta 126 gramoko pisua duten hiru pilota dira.

Nahiz eta sei pilotek antzeko pisua izan, kantxaren gaineko portaera desberdina zuten, eta hala azaldu zuten aukeraketaren amaieran.

 

Barrenetxeak Aritz Zubiriren laguntza izan zuen pilotak aukeratzeko. Goizuetarra izanen du "botillero" finalean. Argazkia: Maialen Andres

 

Endika Barrenetxea: «Hanka geldian pilotakada haustailea du Juaneneak eta pilota lehorragoak horretarako aukeratu ditu»

«Txapelketa guztian lote batzuk izan dira jokatzeko eta partidetako pilotak hurrengo astean izan ditugu entrenamenduetarako. Zubirirekin izan naiz entrenatzen astero-astero eta egon da pilota bat oso ederra. 5t lotekoa. Gehien gustatzen zaigun pilota da eta hori aukeratu dugu. Ez da gehiegizko pilota, baina bai bizia. Oso pilota noblea da eta zuzenenean pilota mota horren bila joan naiz. Oso pilota zuzena da». Barrenetxeak bere jokamoldeari gehiago begiratzen dio aurkariari kalte egingo dion pilota aukeratu ordez. «Bere pilotak ezberdinak dira, nik aukeratuko ez nituzkeenak, 3D lotekoak, astunak eta motelak. Brillo gabeko pilotak. Hanka geldian pilotakada haustailea du eta pilota hori ongi aukeratutakoa bere aldetik. Hala ere uste dut nire pilotekin jokatuko dugula finala».

 

Aritz Juaneneak pilota biziagoak aukeratu zituen.

Aritz Juanenea: «Errestoan asmatu beharra dut, bai edo bai»

Ansaren aurkako partiduan urnietarraren pilotekin jokatu zuen finalerdia, baina oraingo honetan Aritz Juaneneak ez du uste Barrenetxearen pilotekin jokatuko duenik. «Aste honetan, finalean nire pilotekin jokatu beharko dut nahitanahiez. Bere bi pilota oso biziak dira, sakearekin min egiteko normala den bezala. Beste bat normalagoa iruditu zait eta beraz nireak aterako ditut jokatzera edota hirugarren hori. Endikaren jokoa gelditzen saiatu behar dut. Bere sakeko sarraski hori geratu beharko dut. Errestoan asmatu beharra dut bai edo bai. Hamar tanto baino gutxiago egin behar dizkit saketik aukerak izateko. Gero, egia esan, nire jokoa izango da pilota guztiak borrokatu eta arriskua hartu. Piloteoan bera nagusi izaten da, beraz arriskua hartu behar dut, baina bururik galdu gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun