Finalerdian 30-24 irabazi zion azken bi urtetan txapeldun izan den Ansa II.ari eta Barrenetxea IV.aren kontra jokatuko du finala larunbatean
Juaneneak partida bikaina jokatu zuen hasieratik amaierara arte. Piloteoan nagusi izan zen eta taktika argi zuela kantxaratu zen. Ez zuen nahi Ansak ekimena eramaterik eta lehen pilotakadatik freskotasun handiarekin eta pilotakada bikainekin eraman zuen partidaren agintea. Bere pilotakada biziagoa zen eta Ansaren abileziak bakarrik eragin zuen norgehiagoka aurretik ez erabakitzea.
Irteeran 2-7ko partziala lortu zuen Juaneneak eta erabakigarria izan zen. Inoiz ez zion agintea eramateari utzi, eta beti lau eta zortzi tanto arteko aldea izan zuen. Juaneneak, ordea, ederki kudeatu zuen abantaila. Zortzi tantoko maximoak 3-11koan eta 13-21ekoan izan ziren.
Atzelari nafarraren unerik txarrena 13-21 horren ondotik ailegatu zen. Ansak fresko segitzen zuen eta bazirudien Juanenea joko eta pilotakada erritmoa geldotzen hasia zela. 21-23ra hurbildu zen gipuzkoarra. Ansak gehiago arriskatu zuen eta bi paretako jokaldi ederrak atera zitzaizkion. Juanenea ez zegoen ezer oparitzeko eta bere onera etorri zen. Piloteoan agintea berreskuratu eta 21-24, 21-25 egin zuen eta partida 22-26an bukatzeko lau tantoren faltan gelditu zen. Azkenean, 24-30 irabazi zuen Juanenea, merezimendu osoz.Partidak ez zuen pilotakada askorik izan, baina bai erritmo eta kalitate handia. Juaneneak 22 tanto egin zituen piloteoan eta hiru pilota galdu zituen. Sakea ez zen erabakigarria izan finalerdian. Juaneneak lau tanto egin zituen eta falta bat. Ansak 19 tanto egin zituen piloteoan, bi pilota bakarrik huts egin zituen eta sakearekin tanto bakarra egin zuen eta bi falta.
Aritz Juanenea: «Horrelako egunak bizitzeko gaude»
Horrelako egunak bizitzeko gaude. Dena ongi irten zait. Kanporatua nengoen, baina Ansaren lesioak ateak ireki zizkidan. Azkenengo buruz buruko txapeldunari bi partiduak irabazi dizkiot. Bere pilotekin jokatu dut partida guztian. Atzean banekien zailtasunak izango zituela. Borobil atera da. Hiru urtetan bigarren finala. Aurrenekoan ez nuen gozatu. Aurten buru belarri prestatu dut. Hiru aste berandugo fruituak eman ditu.
Imanol Ansa: Onartzen dut Juanenea gehiago izan dela»
Onartzen dut gehiago izan dela. Eguna izaten dira eta gaur Aritzena izan da. Ikusten nun peloteoan luze egiten zitzaidala tantoa. Nekea nuen eta borroka konstante bat izan da. Aurten inoizko mailarik altuena eman nuen Azpirozen aurka, gaur ezin izan dut joko hori atera. Ea maila igotzen dudan datorren urterako.