Donezteberen bihotzean, Karrika Nagusian dago Gaztelunea etxea, eta bertan egokitu du LAB sindikatuak eskualdeko bulego berria. Abuztu hondarrean, oraindik ere herritarrentzat ateak itxiak dituela hartu du sindikatuak TTIPI-TTAPA eta sindikatuarekin harremana duten lau lagun elkartu dira bertan: Ainhoa Maritorena, Begoña Arakues, Julen Mitxeltorena eta Haritz Bereau. Paperak eskuan batzuk, erran beharrekoak buruan bertzeak ailegatu dira Doneztebera. Lehen minutuak aprobetxatu ditu Bereauk bulegoa bertzeei erakusteko. Itxura ona hartu diote ikusitakoari, eta lehen kontaktua eginda, eseri eta mintzatzen hasi dira.
Babestuak egoteko manera
Adin eta testuinguru diferentea dute laurek eta diferentea da sindikatuarekin, eta sindikalgintzarekin duten harremana. Mitxeltorena da denetan esperientziadunena eta LABeko ordezkari gisa denbora gehien eman duena: «Nire lehendabiziko lan kontratua, eta bakarra, Zalain fabrikan izan nuen. Aitzinetik ez nuen desberdintzen sindikatu bakoitza zer zen, baina agudo igarri nuen LABek nolabait nire bizimoduarekin eta ikuspegiarekin bat egiten zuela eta sindikatuan afiliatu nintzen». 30 urtez izan zen sindikatuko ordezkaria enpresa batzordean, baita sindikatuaren barrenean metalaren arduraduna ere. Gaur egun erretiratua dago eta pentsionisten mugimenduan ari da buru-belarri. «Ordezkari bat lanetik erretiratzen denean, egindako horretan sinetsi badu, erretiratzean ere segitu behar du», dio. «Badago zer egin!».
«Sozialki eskubide pila lortu ditugu»
Begoña Arakues, LABeko delegatua
Begoña Arakuesek ere urte mordoxka daramatza Lesakako Andramari adinekoen egoitzan LABeko ordezkari gisa: «Nik ere ez dakit seguru, baina 12 edo 16 urte izanen dira. «Orduko sindikatuko ordezkariek utzi nahi zuten, eta guk ez genuen babesik gabe gelditu nahi. Norbaitek behar zuen ordezkari izateko ardura, eta ni animatu nintzen», azaldu du Arakusek. Geroztik, aldaketa nabarmenak izan ditu lantokian eta lan baldintzetan: «Lesakako Udala aldatu denean —Gero Bai zegoen hasieran, gaur egun EH Bildu— aldaketa izugarria nabaritu dugu lan baldintzetan», nabarmendu du.
Harremana bertatik bertara
Ainhoa Maritorena Arizkungo Azkarate ikuztegian ari da lanean, eta bertako ordezkari sindikala da duela urte eta erditik. «Ikusten nuen hutsune bat genuela lanean», hasi da Maritorena. «Lankideen kexak aditzen nituen, eta pentsatu genuen zerbait egin behar genuela. Batez ere afera gehienak baimenekin genituen», segitu du esplikazioa. «Egoera muturrera ailegatu zen, eta bilera bat egin genuen langileok. Beti behar da norbait prest egonen dena, eta nik neure burua eskaini nuen ordezkari izateko». Duela urte eta erdi izan zen hori, eta geroztik, hauteskunde sindikalak deitu eta hitzarmen berria sinatu dute. Lan arazoez harago, bertzelako arrazoi batek ere bultzatu zuen Maritorena sindikatuan afiliatzera: Halako «lotsa sentimendu» bat sentitzen zuen: «Edozein lekutan hogei langile izan eta ordezkari bat zuten, eta gu 30 langile izan eta ez genuen deus». Aitzinetik ezagutzen zuen sindikatua, hurbilekoa zuen, eta bulego fisiko bat izateak eta zerbitzua euskaraz izateak ere bultzatu zuten bertan sindikaltzera.
Hiruen arteko harreman kontaktua, da berriz, Haritz Bereau. Bera da LABek Baztan-Bidasoan duen ordezkaria, eta bera da eskualdeko lan gatazkak eta bertzelakoak gestionatzen aritzen dena egunerokoan eta sindikatuak eskualdean duen erreferentziazko pertsona.
«Ezinbertzekoa da zintzoki lan egitea»
Julen Mitxeltorena, LABeko delegatu ohia
Izan ere, eskualdeko antolatzen da sindikatua LAB eta Donezteben irekiko duten bulego berriak Baztan-Bidasoa eta Xareta aldeko herritarrei emanen die zerbitzua. Orain arte, Beran eta Elizondon izan ditu sindikatuak bulegoak, eta hemendik aitzinera, Berako bulegoa mantenduko dute eta Elizondon bertze lokal batean ariko dira. Leitzaldeko eta Urumealdeko langileek, berriz, Altsasun dute erreferentziazko bulegoa eta ordezkaria.
Doneztebeko herrigunean, Donezteben bulegoa izateak langileei zerbitzu hobea emateko balioko dielakoan dago Bereau: «Hemen daude erraterako gizarte segurantzaren eta enplegu zerbitzuaren bulegoak». Gainera, helburu bikoitza du erabakiak: «Donezteben ez dago erreferentziazko tokirik ezkerreko jendarte euskaldunentzat eta egoitza izaten ahal da arnasgune gisako bat, eta haize berri bat Malerrekarentzat».
Ordezkariaren egitekoak
Mitxeltorena, Maritorena eta Arakues hirurak izan dira edo dira sindikatuaren ordezkariak enpresako batzordean. Mitxeltorenak kontatu du, bera lanean hasi zenean, sindikatuak bazuela bere egitura enpresa barnean. «Sindikatuak komenigarritzat jo zuen gaztea, euskalduna eta bertakoa izanen zen langile bat aukeratzea ordezkaritzat, eta nik hiruak betetzen nituen». Gainera, lanean «gehiegikeriak» ikusten zituen, eta horrek ere bultzatu zuen ordezkari izatera: «Poliki-poliki ardurak hartzen joan nintzen eta jubilatu arte bide nahiko luzea izan zen». Urte horietan enpresako lanetik liberatua egon zen denbora batez sindikatuko eginbeharrak egiteko. Euskal Herriko altzairu sektoreko arduradun izan zen, eta sektore hainbat enpresa ezagutu eta bertako lan hitzarmenak negoziatzen aritu zen.
Negoziatzea kontzeptua aipatu du Arakuesek ere: «Negoziatzea, behatzea, eta eskubideak lantzea». Horixe da sindikatuetako ordezkarien lana Arakuesen hitzetan. Lesakako adinekoen egoitzan iaz berritu zuten lan hitzarmena, eta orain, batez ere, «hitzarmena betetzen den begira» ari dira: «Udalbatza aldatu zenetik egoitzak patronatuko bileretan parte hartzen uzten digu, eta hori bentaja handia da guretzat». Azken urteetako lorpenak nabarmendu nahi izan ditu: «Ostalaritzako hitzarmena genuen lehen, eta pentsa zer pauso eman dugun. Publikoraino ez gara ailegatu, baina hor ari gara borrokan. Sozialki gauza pila lortu ditugu: patronatuan parte hartzea, eszedentziak eta lan baimenen baldintzak hobetzea, egutegian parte hartzea, prebentziorako fisioterapia zerbitzua izatea…».
Hitzarmena berritzea lehentasun
Azkarate ikuztegian, berriz, «enpresarekin lan hitzarmena berritzeko negoziazioan» aritu dira orain arte. Hauteskunde sindikalak deitu zituzten lehendabiziko, eta ondotik, enpresarekin hitzarmena berritu dute. Sinatu berritan, hemendik aitzinera, berriz, erne egotea tokatuko zaio Maritorenari hitzarmeneko puntu guztiak betetzen diren ikusteko. «Gu zentratuak egon gara hitzarmena lortzeko, hori zen helburua eta egia erran orain aise hobe doa dena. Enpresak gehiago aditzen gaituela sentitzen dugu». Gainera, ingurukoen hitzak adituta ondorio bat atera du: «Denek eskatzen ditugu antzeko gauzak: egutegia moldatzea, baimenen aferak…». Horri lotuta, gaur egun balio ekonomikoaz aparte, balio sozialari indar handia ematen zaiola dio Bereauk eta «erdigunean» paratu dela. «Gure bizitza hobetzen ahal duten baldintzak dira. Lanean pasatzen dugu bizitza erdia baino gehiago», oroitarazi du Arakuesek.
Arakuesekin eta Maritorenarekin ados egonda ere, sindikatuetako ordezkarien lana ez dela horretara mugatzen uste du Bereauk. «Hitzarmenetik harago, egunerokotasunean ateratzen diren aferetan badago egin beharra, eta sortzen diren gatazka ttikietan eta hobekuntzetan aritzen zarete», nabarmendu die.
Asebeteta bai, baloratuta ez
Ordezkari izanda, hiruek dute halako «asebetetze» sentimendu bat dute egiten duten lanagatik. «Ni saiatu izan naiz sindikatuari nire ekarpenak egiten eta sindikatuak aukera handia eman dit horretarako», nabarmendu du Mitxeltorenak. Bereziki, «esperientzia horretan hagitz betegarria izan zen parte hartu nuela sindikatua iparraldean zabaldu zenean. Gozagarria izan zen ikustea sindikatua nola zabaldu zen falta zen eremuan».
Sindikalgintzan egindako bidea oraindik luzea ez den arren, Maritorena ere asebeteta sentitzen da orain artekoarekin: «Aldi berean ez da erraza izan. Betetzen nau zerbait lortu eta ingurukoek aitortza hori egiten dizutenean». Arakusek ere baietz egin du buruarekin: «Bertzela aspaldi etsitua izanen nintzen», nabarmendu du. Lanari bi alde ikusten dizkio: gozagarria eta samingarria. «Hasieran hagitz gogorra eta samina izan zen, eta orain kontent nago lortu dugunarekin». Bereziki kontent dago sektore langileekin harremana izatea ahalbidetzen dielako sindikatuak: «Hagitz garrantzitsu eta ederra da denak borroka batera egitea, nahiz eta zahar etxeetan etorkizuna beltza ikusten dudan».
«Orain enpresak gehiago aditzen gaitu»
Ainhoa Maritorena, LABeko delegatua
Asebeteta egon arren, ordea, Arakuesek argi dio bera ez dela baloratua sentitzen: «Hobekuntzak denak eskuzabalik hartzen ditu jendeak noski, baina gero ez dira kezkatzen, ez dira afiliatzen, kexak bakarrik ailegatzen dira, eta alde horretatik amorrua sentitzen dut». Mitxeltorenak uste du aitortua izatea zaila dela ordezkari sindikala zarenean: «Zintzoki lana egiten duzunean, beharbada aitortua ez, baina errespetatua izanen zara. Hori da lehen pausoa». Ezinbertzekoa iruditzen zaio «zintzoki» lan egitea: «Zintzoki lan egiteak izanen du errekonozimendua, eta agian, baita, aitortza ere».
Sindikalgintza gaur egun
Iaz bete zituen 50 urte sindikatuak, eta bere sorreratik hona aunitz aldatu dela dio Bereauk, eta gaur egun «berrasmatzeko» prozesu betean dagoela: «Lehengo eskema klasikotik aldatu eta hedatu gara eta kolektibo batzuk sindikalgintzaren parte sentitzean dago apustua». Sektore bakoitzean ere, egoera diferentea dela uste du: «Industria sektorean, adibidez, delegatuek badute historikoki egindako borroka bat eta nahiko autonomoak dira». 70eko eta 80 urteetan bereziki industrian aritzen zen sindikatua izatetik, azken urteetan, sindikatua bertze margen batzuetara hedatu dela dio. Horrek, ezinbertzean «aldatu» du sindikalgintza bera ere: «Jende arrazializatuarengana eta zaintza sektoreko lantegi aunitzetara hedatu gara, eta egunerokoa nahiko gatazkatsua izaten da, batzuetan egoera hagitz prekarioa delako». Hala ere, kontzientzian aunitz egiteko dagoela uste du:«etengabe hausnartzen ari gara zer den eta zer esparrutik landu behar dugun, eta hori da gure papera».
Historikoki, sindikatuak patronalarekin izandako «konfrontazio demokratikoa» nabarmendu du Mitxeltorenak, nahiz eta modu horiek beharbada «ez diren egokienak afiliaziorako». Oro har, sindikatura jotzean langileak beren arazoak konpontzen saiatzen direla uste du, ingurukoenaz atzenduta: «LAB saiatzen da hori baztertzen, behar duenari ematen eta afiliatuentzat zein ez-afiliatuentzat hobekuntzak lortzen».
Etorkizunera begira
Heldu den urteetarako sindikatuaren erronka «Euskal Herriko ezkerreko jendarte euskaldunaren eta feministaren erreferentzia» izatea da Bereaurentzat. Horri lotuta, zerbitzu bat ematera bideratua egoteaz aparte, «herri proiektu» bat baduela dio «Euskal Herriko jendartearen bizi baldintzak hobetzeko».
«Lehengo eskema klasikotik aldatu eta hedatu gara»
Haritz Bereau, LABen ordezkaria Baztan, Bidasoa eta Xaretan
Mitxeltorenak uste du gizartea diruaren eta jendearen arteko «gatazka» batean dagoela. «Gauden sistema kapitalista da eta dirua lehenesten du». Horri kontra egiteko, LABen zein bertze eragile batzuen erroka jendea erdigunean paratzea dago, eta ez jendea diruaren zerbitzuan: «Erronka hori bizitza guztian borrokatu beharko dugu. Nahiz aldika garaipen batzuk izan, behin ere ez da izanen garaipen oso bat, beti borrokatu behar den gauza bat baizik».
Etorkizuneko erronka horiek josten hasteko badute lehen hitzordua. Irailaren 28an elkartuko dira Doneztebeko bulego berrian, inaugurazio ekitaldia eginen dute eta eskualdeko afiliatuak eta ordezkariak elkartzeko hitzordua izanen da.
