Animazio eta bideo joko artisten topagune da Malerreka asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 19a

Aurtengo Truxa Muxa egoitzako parte hartzaileak Malerrekan daude dagoeneko. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Iazko esperientziaren ondotik, ortzegunetik igandera arte, Malerreka sormenaren epizentroa izanen da, animazioaren eta bideo jokoen arloetan. Truxa Muxak 2025eko egoitzari ekin dio, eta garatzen ari diren kultura eta entretenimendu proiektuak laguntzeko gunea izanen da. Hautatutako taldeek aholkulari eta baliabide espezializatuak izanen dituzte beraien proposamenak bultzatzeko eta sormen proiektuetan aitzinera egiteko. Ekaina online formakuntzarekin eta masterclassekin hasi ondotik, esperientzia hibrido hau Iturenen eta Elgorriagan epizentroa izanen duen murgiltze egoitza honekin akituko dute.

Bortz proiektu aurkeztuko dituzte ortzegunetik igandera Elgorriagan eta Iturenen eginen duten Truxa Muxa 2025 egoitzan

Truxa Muxa sormenezko inkubagailu gisa finkatu da, sorkuntza digitala landa eremutik birpentsatzeko, sare profesionalak sustatzeko eta despopulazioa edo klima aldaketa bezalako erronkei pentsamendu artistikotik eta etorkizun posibleen diseinutik heltzeko espazio gisa.

 

Bortz proiektu

Edizio honetako proiektuak animazio esperimentaleko proiektuen eta ikuspegi ekologikoa duten bideo jokoen diseinuaren konbinazio bat dira. Honako hauek dira: Katú y el bosque (Samsa Studio), Rollin’ Punkies (Silvia Molinak, Alberto Andrések eta Juan Cermeñok sortua), Guayota (Patri Díazen eta Marian Zomeñoren sorkuntza), Martina e Guará (Paula de Abreurena) eta The Adventure of Rupee (Marina Gil Torresena)

Truxa Muxak Nafarroako Gobernuaren finantzazioa du eta Elkar, Reyno Gourmet, Nafarroako Basozainak eta Elgorriagako Bainuetxearen babesa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun