Bestak 2025

Ortziralean eta larunbatean ospatuko dituzte besta ttikiak Donezteben

Uda borobiltzeko besta ttikiak antolatu ditu Gazte Burrunbak Donezteben. Ortzirale arratsaldean hasi eta igande goizaldera arte ekintzak antolatu dituzte.

Bestak hasteko, 18:00etan mus txapelketa eginen dute Santa Luzia plazan. Izen ematea 17:03ean egin beharko da eta bikoteko hamar euro ordaindu beharko dira.Txapelketaren ondotik, 20:00etan txupinazoa botako dute Santa Luzian Tuku-Tuku txarangak alaituta. 21:30ean zezensuzkoa izanen da Bear Zana pilotalekuan eta eguna borobiltzeko musika izanen da. 23:30ean Bide Batez taldearen erromeria izanen da eta ondotik, DJ Aimar ariko da musika paratzen.

Larunbatean, 11:00etan erraldoiak aterako dira karrikara Pepasetik abiatuta. 12:30ean dantzari ttikien emanaldia izanen da eliza atarian. Ondotik, 13:30an bazkariko mahaiak muntatuko dituzte eta 14:00etan izanen da bazkaria.Ondotik, Elektrokela elektrotxaranga herrian barna ariko da eta tenore berean haurrentzako jokoak izanen dira Intzakardin.

Bestak borobiltzeko musika izanen da protagonista Santa Luzia plazan: 20:00etam Roberto Urrutia mariatxiak ariko dira, 23:30ean Alaiko erromeria, eta ondotik, DJ Endara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun