Aritz Juanenea saldiastarra eta Ansa II.a buruz buruko txapelketako finalerdiaren bila ariko dira larunbatean

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 12a

Ansa II.a eta Juanenea aurrez aurre izanen dira larunbatean Galarretan, buruz buruko finalerdietarako txartelaren bila. Bietako batek ala biek lor dezakete.

Ansa II.ak proba gainditu zuen eta bihar Juanenearen aurka jokatuko du Buruz Buruko Eusko Label Txapelketaren ligaxkako azken partidua. Barrenetxearen aurkako partiduan lesionatu eta gero, zalantzak zeuden urnietarrak jokatuko zuen ala ez. Ortzegunean egin zituen probak, lesioa gertatu zenetik hamabi egunera, eta jokatzea erabaki du azken bi urteetako txapeldunak. 

Ansak min hartu zuen Barrenetxearen kontrako partidan, baina atzo egindako probaren ondotik, jokatzea erabaki du.

Hori bai txapeldunak argi du bertze Ansa bat ikusiko dela bihar Galarretako frontoian: «Ikaragarri saiatu naiz errekuperatzen, fisioterapia saioak egin ditut, errekuperazio saioak ere egin ditut. Ikusita zerbait errekuperatu naizela eta kantxan izan ditudan sentsazioak ikusita larunbatean jokatzea erabaki dut. Kantxan egin dudan proba eta gero konturatu naiz ez dugula ikusiko pilota bizi astintzen duen Ansa hori. Kosta egingo zait %100ko indar hori ematea eta horren ordez beste errekurtsoak atera beharko dira; hankak, defentsa, jokoa aldatzea... garbi daukat pilotalekura dena emateko prest aterako naizela».

Juaneneak eta Ansak finalerdiak dituzte jokoan eta zeharka Azpiroz adi egonen da, berak ere finalerdia baitu jokoan. Azpirozek lau puntu ditu sailkapenean, Ansak hiru puntu ditu eta Juaneneak bakarra. Saldiasko atzelaria derrigortuta dago irabaztera finalerdietara sailkatu nahi badu. Urnietako aurrelariak, berriz, puntu batekin nahikoa du sailkatzeko. Beraz 24 tanto eginez gero, Juanenarekin batera, Ansa sailkatuko litzateke finalerdietara. Lau puntu izanen lituzke, Azpirozek bezala, baina bien arteko partida Ansak irabazi zuen. Azpirozen aukerak dira Ansa 24 tantora ez iristea (Ansa geldituko litzateke finalerdietatik kanpo) edo Ansak partidua irabaztea. Kasu horretan Juanenea ez litzateke inoiz lau puntura iritsiko eta Ansa eta Azpiroz sailkatuko lirateke finalerdietara. 

Ansak badaki Juanenea aurkari gogorra dela eta dagoen egoeran aurkaririk zailena dela dio urnietarrak. «Beti nabarmendu da jokoaren agintea eramaten, edozein modutara joka dezake eta ikusita nola nagoen, nire ahulguneak bilatzera joango da. Hala ere dena ematen saiatuko naiz eta nire baliabideak aterako ditut berari aurre eta min egiteko. Ea irabazten dudan». 

Juanenea beti izaten da aurkari zaila eta Ansa dagoen egoeran, nahiz eta faborito izan urnietarra, saldiastarrak aukera du finalerdietara sailkatzeko. Erremontista onenak gainditu ditu, nahiz eta azkenaldian Ansak beti irabazi izan dion. Bien artean ere jokatu zen 2023an finala eta 30-17 irabazi zuen Ansak. Urte horretan bertan 30-20 lortu zuen garaipena urnietarrak ligaxkan. Pasa den urtean, Masters txapelketan 30-22 irabazi zuen Ansak eta 23an utzi zuen Eusko Label txapelketako ligaxkan. Beraz azken lau partiduak irabazi ditu Ansak. 

Barrenetxea IV.a finalerako sailkatuta dago eta orain aurkariaren zain dago. Aurretik finalerdia nork jokatuko duten jakin behar da eta horretarako biharko partidua da erabakigarria. 

 

Galarretako jaialdia, larunbatean 16:30ean

  1. Gurrutxaga-Apezetxea, Susperregi-Zubiriren kontra, hiru jokotara ORIAMENDI TXAPELKETA
  2. Ansa II.a Juanenearen kontra, 30 tantotara BURUZ BURUKO TXAPELKETA
  3. Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a, Ezkurra II.a-Larrañagaren kontra, 3 jokotara

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun