Besta ttikiak hasteko, 18:00etan mus txapelketa eginen dute Santa Luzia plazan. Izen ematea 17:03ean egin beharko da eta bikoteko hamar euro ordaindu beharko dira.
Txapelketaren ondotik, 20:00etan txupinazoa botako dute Santa Luzian Tuku-Tuku txarangak alaituta. 21:30ean zezensuzkoa izanen da Bear Zana pilotalekuan eta eguna borobiltzeko musika izanen da. 23:30ean Bide Batez taldearen erromeria izanen da eta ondotik, DJ Aimar ariko da musika paratzen.
Larunbatean, 11:00etan erraldoiak aterako dira karrikara Pepasetik abiatuta. 12:30ean dantzari ttikien emanaldia izanen da eliza atarian. Ondotik, 13:30an bazkariko mahaiak muntatuko dituzte eta 14:00etan izanen da bazkaria.
Ondotik, Elektrokela elektrotxaranga herrian barna ariko da eta tenore berean haurrentzako jokoak izanen dira Intzakardin.
Bestak borobiltzeko musika izanen da protagonista Santa Luzia plazan: 20:00etam Roberto Urrutia mariatxiak ariko dira, 23:30ean Alaiko erromeria, eta ondotik, DJ Endara.
Zikiro jateko txartelak
Larunbateko bazkarirako txartelak ere salgai daude dagoeneko. Bazkaltzeko salda, piperrada, zikiroa, postrea, kafea, eta kubata izanen dira eta Gazte Burrunbako bazkideek 35 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 40 euro.
Txartelak Titi ostatuan daude salgai, eta irailaren 16ra arte erosten ahalko dira. Denboraz kanpo ibiltzen direnek hamar euro gehiago pagatu beharko dituzte.