Bestak 2025

[ARGAZKIAK] Ostegunetik astelehenera ederki gozatu dituzte herriko pestak eratsundarrek

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 9a

Ostegunean hasi eta atzo bukatu zituzten eratsundarrek herriko pestak. Eguraldia lagun, giro ederra izan dute.

Argazkiak: Batix Ezeiza.

Osteguneko afarian hasi zituzten Eratsunen pestak. Hortik aurrera, denetariko ekitaldiak izan zituzten. Ostiral goizean, adibidez, frontenis txapelketa jokatu zuten eta Naroa Retegi eta Oier Eskudero izan ziren txapeldunak. Arratsaldean, alde batetik, mus txapelketa egin zuten eta Juanito Estanga eta Mikel Deskarga nagusitu ziren. Bestalde, aizkora eta arpana apustu mistoak jokatu zituzten. Eta gauean, batukadarekin giro paregabea izan zen.

Larunbatean, Doneztebeko dantzarien saioaren ondotik, 186 lagun bildu ziren herri bazkarian. Arratsaldean mariatxiak izan zituzten, baita beroari aurre eginez, urezko zezena ere. Arratsean, Beñat Mitxelena arduratu zen musika jotzeaz.

Igandean, goizean umeen jokoak, ardo dastaketa eta tortilla lehiaketa egin zituzten. Azken horretan Oxkar Urrutiak eraman zuen lehenbiziko saria. Gainerakoan, bazkari autogesionatua ere egin zuten, eta arratsaldean pilota partiduen txanda izan zen. Hauspolariek taldeak alaitu zuen herri ingurua.

Atzo, berriz, goizean meza eta txistulariak izan zituzten, eta harri jasotzaileen saioaren ondotik, pestei amaiera emateko luntxa izan zuten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun