[ARGAZKIAK] Joaquin Ramosek irabazi du Doneztebeko Xake Azkarreko Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 8a

Laugarrenez egin dute asteburuan Doneztebeko Xake Azkarreko Txapelketa. 26 xakelari bildu ziren Casino elkartean xakeaz gozatzera eta antolatzaileek bertan izandako «giro ona» nabarmendu dute

Argazkiak: Jorge Ostiz.

Aurten hurbildutakoen maila nabarmendu du Xake Azkarreko Txapelketako antolakuntzak, izan ere, «2.000 elo puntu baino gehiago zituzten hiru jokalari elkartu ziren». Horien artean Jose Manuel Redin nabarmendu dute, duela urte batzuk Nafarroako xake txapeldun izandakoa. «Pronostikoak bete ziren eta hiru jokalari horiek izan dira lehen hiru postuak lortu dituztenak». 

Joaquin Ramosek irabazi zuen txapelketa. «Jokalari hagitz sendoa dela erakutsi zuen larunbatean. Ez zuen partidarik galdu, eta bakarra berdindu zuen». Bigarren postuan sailkatu zen Jose Manuel Redin. «Jon Goñiren kontra jokatutako partidaren porrota garesti ordaindu zuen. Horrek urrundu zuen lehen postutik». Hirugarren postua Camilo Loterarentzat izan zen. «Bere joko teknikoaren eta esperientziaren poderioz lortu zuen podiumera igotzea». 

Iñigo Ostizek lortu zuen lehen doneztebarrarentzako saria. «Txapelketa txukuna burutu zuen. Sailkapen orokorreko bi lehendabizikoen kontra bertzerik ez baitzuen galdu». 

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Casino elkarteari txapelketa egiteko tokia uzteagatik, Gazte Burrunbari antolatzen laguntzeagatik eta Mikel Gure Xake klubari materiala uzteagatik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun