Bi kontzertu izanen dituzte irailaren 12an Donamarian

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 3a

Alde batetik, Rig3l artistaren emanaldia izanen da frontoian eta bertzetik, Cuarteto Karê taldea Jauregia Dorretxean ariko da.

Musikaz gozatu nahi duenak horretarako aukera ederra izanen du irailaren 12an Donamarian. Aski bertzelako musika estiloa duten bi saio antolatu dituzte, egun eta ordu berean. 

Alde batetik, Dorrealdia jaialdia eginen dute, aurten ere Kurdistango Mirzo Music Fundazioaren alde. Bildutako dirua gerrak kaltetutakoei laguntzen aritzen den fundazio horretara bideratuko dute. Aldi honetan, Cuarteto Karê taldea gonbidatu dute eta Ahots ibilaldia paisaietan barna emanaldia eginen dute Jauregia Dorretxean, 19:00etan. Sarrerak hamabortz euro balio du eta Donamariako Udalaren bitartez edo egunean bertan erosten ahalko dira. 

Rig3l frontoian

Nafarroako Gobernuak antolatutako Kultur programaren barrenean, berriz, Yoni Salaberria goizuetarraren Rig3l musika proiektua ezagutzeko aukera izanen da frontoian, hori ere hilaren 12an, 19:00etan. Gitarra elektrikoak, sintetizadoreak eta perkusio elektronikoak dira bere musikaren ezaugarri. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun