Kasu honetan, 2024-25 ikasturtean euskara ikasten edo hobetzen aritu direnendako izanen da dirulaguntza, eta asistentzia kontuan hartuta emanen dute. Asistentzia % 85etik goitikoa bada, ikastaroa doan aterako zaio ikasleari. % 70 eta 80 tartekoa baldin bada, matrikularen % 75 diruz lagunduko dute eta hortik beheitikoa baldin bada, ez dute laguntzarik emanen.
Dirulaguntza, aipatu bezala, 16 urtetik goitikoendako izanen da, eta Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean erroldatua izan beharko du. Dokumentazioa irailaren 1etik 30era bitarte aurkeztu beharko da eta beharrezkoa izanen da mankomunitatearekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea eta Nafarroako Gobernuaren euskara ikasteko dirulaguntza eskatua izatea. Laguntzak Euskarabideak ematen dituenekin osagarriak dira.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Errandako epean, eskaera orria behar bezala betea aurkeztu beharko da, eta horrekin batera, eskatzailearen nortasun agiriaren fotokopia, erroldatze ziurtagiria eta Euskaltegiko matrikularen ordainagiriak. Euskara ikastaroa antolatzen duen erakundearen ziurtagiria ere beharrezkoa izanen da «ikastaroaren iraupena, maila, matrikularen kostua eta ikasleak izan duen asistentzia portzentajea» zehaztuz. Azkenik, «administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztien aitorpena» eskatu dute.
Informazio gehiago nahi duenak euskara zerbitzura jo behar du. 948 45 17 46ra deitu edo euskarazerbitzua@malerreka.eus helbidera eskribitzen ahal du.