Tomate zaharraren lehen lehiaketa eginen dute igandean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 28a

Udako plateretan leku inportantea izaten du tomateak eta aunitz izaten dira beren baratzean landatzeko ohitura dutenak. Tomate barietate zaharrak plazaratzeko lehen lehiaketa eginen dute igandean, abuztuaren 31n, Donezteben.

Eliza inguruko plazan eginen dute lehia, eta parte hartzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte:

  • Lehiakide bakoitzak tomate zaharren hiru lagin aurkeztu ahal izanen ditu gehienez ere. Hibridoa ez den edozein tomate aurkezten ahalko da.
  • Lagin bakoitzeko bi tomate aurkeztu beharko dira.
  • Gehienez ere 40 lagin onartuko dituzte.
  • Parte hartu nahi dutenek 10:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte tomateak.

Egunean berean 10:00etan bukatuko da izena emateko epea, baina aitzinetik ere egiten ahal da 636 87 79 19 zenbakira idatzita.

Sariak ere izanen ditu lehiak. Nafarroako produktu ekologikoen sorta eta diploma emanen zaizkie hiru tomate onenei. Bertako barietate zaharreko tomate onena ere sarituko dute sari berberarekin. 13:30ean eginen dute sari banaketa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun