Bestak 2025

Besta ederrak ospatu dituzte Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 19a

Abuztuaren 10etik 14ra ospatu dituzte herriko bestak Sunbillan. Bortz egun gutti ez eta, abuztuaren 8an eta 9an ere hainbat ekitaldi egin zituzten. Aurtengoak bukatuta, hurrengo urtekoen esperoan dira dagoeneko sunbildarrak.

Testua: Maider Petrirena. Argazkiak: Jontxu Anzizar, Bixente Ibarra, Nerea Petrirena eta Maider Petrirena

Txupinazoa abuztuaren 10ean, igandea, bota bazuten ere, ortziraletik nabari zen besta giroa herrian. Egunez eguneko kronika irakurri daiteke hemen:

Abuztuaren 8a, ortziralea

Herriko gazteen arteko herri kirol desafioa egin zuten, eta guttigatik bada ere, kamiseta beltzeko taldeak irabazi zuen lehia. Gainera, talo jatea ere izan zen eta jendetza hurbildu zen.

Abuztuaren 9a, larunbata

Biharamunean, hilaren 9an, XII. goitibehera jaitsiera egin zuten. 18 parte hartzaile izan ziren: Zaragozakoak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, igantziarrak eta baita lau herritar ere. Unai Loiola eta Xabier Solis nagusitu ziren. Arratsaldean Ramon Latasaren omenezko sariketa egin zuten, eta ilunabarrean Matraka elektrotxaranga aritu zen. Eguna borobiltzeko betizuen saioa, eta kontzertuak izan ziren.

Abuztuaren 10a, igandea

Igandean hasi ziren ofizialki bestak. 12:00etan piztu zuten suziria erraldoiekin, Elizondoko gaitariekin eta Elutxa txarangarekin batera. Aurtengoan herriko bost kirolarik izan dute txupinazoa botatzeko ohorea: Nahia Bertiz Babazek, Koldo Herrera Urrozek, Ander Larraburu Hernandorenak, Iraide Iriarte Petrirenak eta Eneit Bertiz Apezetxeak.

Suziria bota aitzinetik, urtero bezala, kartel lehiaketako irabazleen sari banaketa egin zen. 14 urtez azpikoetan irabazlea Laia Mariezkurrena Arrieta izan da eta 14 urtez goitikoetan Jon Ibarra Olaetxea.

Abuztuaren 11, astelehena

San Tiburtzio eguna hasteko Elizondoko gaitariek ibili ziren karrikaz karrika. Ondotik, udal ordezkariak,  apaiza, herriko dantzariak, musikariak eta Elizondoko gaitariekin udaletik elizaraino joan ziren. Meza nagusian, herriko abesbatzak kantatu zuen. Akitutakoan plazan dantzariek emanaldia eskaini zuten eta ondotik, luntxa izan zen.

Mezu honen bitartez eskerrak eman herriko abesbatzarekin batera bertze abesbatzatik etortzen zaizkigun kide guztiei baita Imanol Elizasu organista eta Isabel Lacar zuzendariari ere. Dantza emanaldian musikari lanetan ibiltzen den Majoxko taldeari eskerrak aunitz aunitz, baita dantza irakasle lanetan ibili den Kristobal Zelaietari. 

Arratsaldean, emakumezko gaztetxoen pilota partida eta frontenis txapelketako finala jokatu zituzten. Nahia Bertiz eta Iraide Iriartek ezin izan zuten bertaratutakoen aitzinean irabazi baina partida polita ikustera aukera izan zen. Fronteniseko partida hagitz  parekatua joan zen eta azkenean Asier eta Gorka Antuña anaiek 30-28 irabazi zieten Haritz Arriola eta Andoni Espelosini.

Eguna borobiltzeko, Chuchin Ibañez y los Charros mariatxien emanaldia izan zen.

Abuztuaren 12a, asteartea

Abuztuak 12an, batzuk plater tiraketan zeuden bitartean, bertzeak herrian erraldoien emanaldia ikusteko aukera zuten. Plater tiraketan guztira 22 partaide izan ziren. Daniel Fernandez sailkatu zen lehen postuan, Jon Iriarte bigarrenean eta Markel Agesta hirugarrenean. Kontsolazio saria, berriz, Esteban Kortarentzat izan zen.

Eguerdian eliz atarian egin zuten guraso elkarteko bazkaria. Ondotik, arratsaldean, ponietan ibiltzeko tartea izan zuten eta horiek akitutakoan betizuak izan ziren. Berriz ere jendetza hurbildu zen.

Abuztuaren 13, asteazkena

Abuztuaren 13an goizean herriko txistulariak aritu ziren.  Goizean boneta eta zapatila tiraketa herriko plazan izan ziren. Boneta txapelketa Pablo Maritxalarrek irabazi zuen, Eneko Herrera gelditu zen bigarren eta Asier Zugarramurdi hirugarren. Zapatila tiraketa, aldiz, Eneko Herrerak irabazi zuen, Unai Bertizen eta Pablo Maritxalarren aitzinetik.

Haurrek ere beren lehiaketa propioa egin zuten. Boneta jaurtiketan Aimar Gomez nagusitu zen, Martin Elizalde gelditu zen bigarren eta Aiara Apezetxea hirugarren. Zapatila tiraketan, berriz, Jon Arrese, Aner Petrirena eta Aiara Apezetxea izan ziren lehen hiru sailkatuak.

Eguerdian, peñen bazkaria egin zuten Ulibeltzak elkartean. 80 lagun inguru elkartu ziren Elutxa txarangak alaiturik. Ondotik,  herrian barrena ura ura eskatuz ibili ziren.

Ilunabarrean, eliz atarian  patata tortilla eta postre lehiaketak egin ziren. Epaimahaian Agurtzane Zubieta, Jexux Mari Jorajuria eta Edurne Urroz aritu ziren.

Tortilla txapelketan bortz tortilla aurkeztu zituzten eta Jaione Otxandorenak irabazi zuen. Anita Etxeberri izan zen bigarrena eta Iratxe, Oñatz eta Julen hirugarrenak.  Postre lehiaketan, berriz, 6 postre aurkeztu zituzten eta Izaro Altzurik irabazi zuen. Begoña Irazokiren postrea izan zen bigarren sailkatua eta Estitxu Arretxeak eta Maren Irigoienek egindakoak lortu zuen hirugarren postua.

Ondotik pintxo eta sagardo dastaketa izan zen.

Abuztuaren 14a, ortzeguna

Ortzegunean mus txapelketarekin hasi zuten eguna Ulibeltzak elkartean. Guztira 28 bikotek parte hartu zuten eta Unai Bereau eta Jon Aranbillet izan ziren txapeldunak; Jose Martin Agirre eta Josu Baleztena bigarrenak;  Martin Ibarra eta Luis Ibarra hirugarrenak eta Jaione Otxandorena eta Timo Etxeberria laugarrenak.

Haurrek, berriz, puzgarriez gozatzeko aukera izan zuten. Arratsaldean, gainera, Harbizti auzoan apar besta egin zuten. Igerileku pareko belategian, berriz,  toka, aitzur eta zartagin tiraketa lehiaketak egin zituzten. Aitzur tiraketa Unai Bertizek irabazi zuen Haritz Agestaren eta Julen Juankorenaren aitzinetik.

Zartagin tiraketa, berriz.  Iratxe Mendikoak Esti Gastearenaren eta Maria Sarratearen aitzinetik. Toka txapelketari dagokionez, helduetan, Julen Juankorena, Jon Robles eta Goreti Anzizar izan ziren hiru sailkatuak eta haurretan Urki Bertiz, Oñatz Korta eta Adei Uriz.

Bestei bukaera ezin hobea emateko, Ulibeltzak Elkartean 200 lagunek afari eder bat egin zuten. Ondotik, Lucianoren musikarekin kantatu eta dantzatu zuten.

Lerro hauen bidez eskerrak eman besta hauek hain ederrak egiteko parte hartu duten guztiei. Izugarriak izan dira. 2026ko bestak ailegatzeko guttiago falta da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun