Ikusgarria izan da Sunbillan egindako Ramon Latasa Saria

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 18a

Abuztuaren 9an egin zuten Sunbillan Ramon Latasa aizkolariaren omenezko XXII. saria. Herri kirol zaleentzat hitzordu inportantea izaten da Sunbillakoa, eta jende aunitz bildu zen frontoian. Bideoan joaldunek Estefania Etxebesteri egindako omenaldia ageri da.

Argazkiak eta bideoa: Maider Petrirena.

Jaialdia hasteko Kerman Perezek txinga eramaten errekorra egiteko saiakera egin zuen, baina, ez zuen lortu errekorra puskatzea. Hala ere, erakustaldi ona eman zuen zortzi plaza eginez 75 kiloko txingekin.

Estefi Etxebestek berriz errekorra ezarri zuen 100 kiloko zilindro kopa harriarekin, bortz minutuko bi txandatan. Idoia Etxeberriak 2014an ezarri zuen marka 56 altxaldirekin, eta Etxebestek hiru altxaldi gehiago eginda, 59rekin errekor berria ezarri zuen.

Ondotik ailegatu zen aizkolarien txanda. Emakumezkoetan lehia ederra izan zen eta Zelai III. eta Ansorregi nagusitu ziren. Nerea Sorondo beratarra eta Pikabea bigarren eta Arruti eta Fernandez gelditu ziren hirugarren.

Ondotik, maila nagusian gizonezkoetan Vicente- Etxebeste II.;  Txikia V. eta Bihurri II.; eta Larrañaga eta Otaño aritu ziren zein baino zein. Bikote horien artean lehia estua izan zen eta Vicente eta Etxebeste nagusitu ziren.

Gazten mailako aizkolariak ere aritu ziren aspaldiko partez. Horien artean Julen Urrutia arraioztarra eta Oiarbide sailkatu ziren lehen postuan, Urrutia eta Oiarbide bigarrenean eta Mitxelena eta Senosiain hirugarrenean.

Jaialdia bukatzeko, Estefi Etxebeste harri borobila altxatzen ari zen bitartean, Iturengo joaldunek atera ziren  eta omenaldi xumea egin zioten Etxebesteri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun