Malerreka Common Zerbitzuak kooperatibako Isabel Elizaldek dioenez, «gure asmoa da topaketa eta elkarrizketa gune bat sortzea, proiektua posible egin duten pertsonen eta bertako herritarren artean. Gurekin lankidetzan aritu diren pertsona eta eragileei honako hauen inguruan hitz egitea eskatu nahi diegu: euren eguneroko jardunaz, proiektuan parte hartzeko izan duten motibazioaz, prozesuan zehar egin duten lanaz eta landa eremuan gizarte berrikuntza sustatzeko aliantza hauen eta antzekoen inguruko hausnarketaz».
Jardunaldiko egitaraua
Jardunaldia larunbatean 09:45ean abiatuko da, Elgorriagako udaleko ordezkari batek eginen duen harrerarekin eta ongietorriarekin. 10:00etatik 10:30era Ekonomia soziala. Kooperatibak eta Fundazioak MCZ eta Innova Rural proiektuaren aurkezpena eginen dute Innovako Fernando Urrak eta Malerreka Common Zerbitzuak kooperatiba, gizarte eta laneratzeko enpresako Isabel Elizalderen eskutik. 10:30etik 11:15era Lanbide Heziketa zentroak eta zentro teknologikoen berri emanen dute Mentxu Aiertza, Paper Eskola Tolosaldea LHIIko irakasleak; Miren Garate, Salesianos Iruñeko Arte Grafikoetako sail buruak eta Isabel Elizaldek (MCZ), Elizondoko Lanbide Heziketako ikastetxearen eta Labpaperen ekarpenaz ariko da. Atsedenalditxo baten ondotik, 11:30etik 12:00etara Museoak eta ingurumen zentroak izanen dituzte San Telmo Museoko, Cristinaeneko Artistas en su paper taldeko kideek.
12:00etatik 12:30era, Malerrekan praktikak egiten aritu den Oier Rementeria EHUko ikasleak (iratzelaiak eta komunalak Malerrekan) azalpenak emanen ditu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin iratzearen erabilera berriei buruz egin dituzten lanak azalduko dituzte. 12:30etik 13:15era artisten eta sortzaileen txanda izanen da, Arritxu Bidasoro sortzailearen, Garikoitz Murua artistaren eta Asisko Urmeneta irudigilearen eskutik. 13:15etik 13:30era galderen txanda eta itxiera izanen da.