Bestak 2025

«Mostradorearen atzeko aldean ere goza liteke pestetan»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 13a

Jose Luis Gorostiaga, Barranka ostatuko jabea.

Jose Luis GOROSTIAGA GARZIARENA,  Barranka ostatu-jatetxea.

Herri bazkariko lantaldea aukeratu dute aurten Ezkurrako txupinazoa botatzeko eta bertako kidea da Jose Luis Gorostiaga Garziarena. Ilusioz eta pozik hartu du gonbidapena: «ez genuen espero eta ilusioa egiten du herriak zugan pentsatzeak». Trukean deus eskatu gabe, «herri txikietan herritarrek inplikatu beharra» dutela uste du: «herriarentzat egiten dugun lan bat da, batzuk auzolanean beste lan batzuk egiten dituzte, guk sukaldekoak eta ahal dudan bitartean halaxe segitzeko asmoa dut».

Hamabi laguneko kuadrilla aritzen da festetako herri bazkaria mimoz prestatzen: «parrillan, zerbitzatzen... eta bi lagun garbiketan». Azken horiek dira bere ustez garrantzitsuenak: «lan izugarria egiten dute. Guk 150 lagunen platerak altxatu eta bigarren tanda hasterako prest izaten dituzte».

Barranka ostatuan jaio, hazi eta hezia, sukaldea eta ostalaritza dira bere bizia: «nire aitonak 1909ko irailean ireki zuen Barranka ostatua eta geroztik, pandemian baino ez ditugu itxi ateak, hiru hilabetez». Sukaldea da bere habitat naturala eta aipatu du ama izan zuela irakasle: «txikitatik gustatu izan zait sukaldeko giroa. Egun batean uzten zidaten arrautza frijitzen,  hurrengoan laguntza eskatzen zidaten zerbait puskatzeko... eta horrela hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka ikasten». Errezeta liburuen beharrik gabe, senak agintzen dionari segika prestatzen ditu orain jatekoak: «jendeak galdetzen dit jakiren bati zer botatzen diodan eta ez dut jakiten zer erantzun. Gaur botako diot tipula gehixeago eta hurrengoan gutxiago». Ez omen du «neurri zehatzetan» ibiltzeko balio: «beti begiz egin dut, momentuan iruditzen zaidan bezala». Eta argi du zein den plater bikainak prestatzeko sekretua: «egiten ari zarelarik probatzea».

Aitortu du ez direla garai onak ostalaritzarako: «baina behar duen tokian baldin bazaude eta gauzak txukun eginez, badago ostalaritzatik bizimodua ateratzeko bidea». Berak argi du: «herri txikietarako taberna bizia da». Horren adibide argia eman du: «baditut inguruko herrietatik etortzen diren bezeroak eta larunbatetan bakarrik ikusten dute elkar. Ez badute toki bat elkartzeko, harremanak galdu eta oso bakarti bihurtzen zara». Hala ere, erreleboa lortzea ez da erraza:«etxeko seme edo alaba batek ikusi du zer dagoen eta gehienetan ez du nahi beretzako. Gaur egungo bizimodua eta ohiturak ez dira ezkontzen ostalaritzarekin».

Beste garai batekoa delako, akaso, berak lortu ditu biak ezkontzea, baita pestetan ere: «mostradorearen atzeko aldean oso ongi pasatzen dut. Batzuekin barre, besteekin kanta, aspaldian ikusi gabeko herritarrekin elkartzeko aukera... bakoitzak nola hartzen duen ere izanen da».  Tarteka, hartzen du pestarako tartea ere, «aizkora apustua denean, frontoira ihesi joan eta zerbait ikusten dut eta mus txapelketan ere parte hartzen dut».

Ezkurrako festak maite dituela nabari da eta bertako herri giroa azpimarratu du: «egunez gehiago bizitzen da festa orain eta niretzako hobe da horrela, lehentxeago joaten bainaiz ohatzera». Gonbidapena ere egin du: «etorri daitezela, gu hemen egonen gara tarte polit bat pasatzeko gogoz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun