Bestak 2025

«Herritik sortzen diren ekitaldiek xarma ematen diete bestei»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 7a

Arkaitz Vicente, Sunbillako konpartsako kidea da.

Arkaitz VICENTE URKIJO, Sunbillako konpartsako kidea

Artzaintzari lotuta egiten duen lanagatik da ezaguna Arkaitz Vicente Urkijo sunbildarra. Gutxik jakinen dute, ordea, ardiak gobernatzen bezain trebea dela erraldoiak dantzarazten. Sunbillako erraldoien konpartsako kidea da eta besten bezperatik hasita, erraldoia bizkar gainera igo eta jira eta buelta ibiliko da karrikak alaitzen.

Lauzpabortz lagunek osatzen dute Sunbillako erraldoien konpartsa, «bi erraldoi ditugu eta azken urteetan lau lagun ibiltzen gara dantzan». Horiei, herriko gaztetxoek ibiltzen dituzten zazpi buruhaundiak gehitzen zaizkie. Izan dituzte urte oparoagoak ere, «jende gehiago izan garelarik ekarri izan ditugu erraldoiak bertze herrietatik eta egia da erraldoi gehiagorekin beti ikusgarriagoa dela». Dena den, dagoenera moldatu behar izaten dute: «iaz jende aldetik juxtu ibili ginen eta nahikoa lan izan genuen taldea osatzeko».

Elkarlana beharrezkoa 

Kontuan izan behar da erraldoi bat dantzarazteko pertsona bat baino gehiago behar direla: «erraldoi batendako hiru lagun behar direla erraten da. Txanda emateko, kalejira antolatzeko, bidea irekitzeko... gauza aunitz hartu behar dira kontuan eta pertsona bakarrak egitea ezinezkoa da». Batzuetan kontuak ateratzen ez bazaizkie ere, ilusioa eta gogoa nagusitu eta lortzen dute konpartsari eustea: «normalean bi ateratzen gara eta horiek lortzeko ere larri ibiltzen gara. Ea jendea animatzea lortzen dugun, denak ongietorriak izanen dira».

Konpartsarekin atera ahal izateko, erraldoiak dantzatzen ikasi behar da eta horretarako entsegu batzuk egiten dituzte besten aitzinetik, «dantza berriak ikasi eta pixka bat trebatzeko». Irriz dio, «beti behar baino beranduago» hasten direla entseatzen. Ongi ikasitakoa ez omen da ahazten eta orekarekin dantzan gozatu egiten du: «momentu berezia izaten da musika jotzen hasi eta dantzan hasten garenekoa. Erraldoiaren pisuarekin baino lan gehiago izaten dugu erraldoiaren jantziak hartzen duen zabalerarekin». 

Erraldoien gonapean bada ere, hasieratik bestaren parte izan eta saltsan ibiltzeko aukera izanen du. Ardietara bueltaren bat egin beharra izanen duen arren, «bestarako tartea hartuko dut, hori seguru». Bere ustez,  abuztuaren 10a da besteako egunik politena: «herriko jendea  animatua eta fresko egoten da eta parrandarako ere egunik hoberenetakoa izaten da». Horretaz gain, aizkora eta pilotaz gozatzeko tartea ere hartzen du: «Latasa saria ikustera joaten naiz urtero, baita pilota partiduak ikustera ere».

Herritarrak protagonista

Argi du herritarrak  direla besten oinarria eta bere ustez, «herritik sortzen diren ekitaldiek xarma  ematen diete». Ez da gibelera geldituko bera ere: «zerbait antolatzen bada parte hartu edo esku bat botatzeko prest izaten naiz. Iaz, erraterako, herri kirolak antolatu zituzten eta harri tiran ibili ginen». Gisa horretako ekitaldiak nabarmendu ditu: «saltsa eta giro berezia sortzen da herritarrak protagonista bihurtzen direnean».

Horri lotuta, gazteek egiten duten lana azpimarratu nahi izan du: «herrian bada gazte aunitz eta poza ematen du antolakuntza lanetan burubelarri nola dabiltzan ikusteak». Gauza politak eta berriak prestatzen ari direla aipatu du: «goitibehera, betizuak... kristoren lana ari dira egiten. Badago bizia eta hori ikustea polita da horrelako herri txiki batean».

Ardi galdua itzultzen da, baina aldi galdua ez. Horregatik, ardiei bisitaren bat egin beharko badie ere saiatuko da Arkaitz bertze urte batez besta eta lana uztartzen: «herritarrekin elkartzeko eta giro ederrean egoteko egunak dira eta nahi duen oro etor dadila, ongietorria izanen da!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun