XXII. Ramon Latasa saria abuztuaren 9n jokatuko dute Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 6a

Sunbillako pilotalekua jendez lepo betea joan den urteko Ramon Latasa Sarian. Aurten, gizonezko eta emakumezko aizkolarien sariaz gain gazteena ere berreskuratuko dute.

Larunbatean 18:30ean hasita pilotalekuan, hiru aizkolari bikote ariko dira gizonezkoen maila nagusian eta emakumezkoetan, gazteen mailako saria berreskuratuko dute eta Kerman Perez de Heredia 75na kiloko txingekin eta Estefi Etxebeste 100 kiloko zilindroarekin beraien errekorrak egiten saiatuko dira.

Ramon Latasa sariaren hogeita bigarren edizioa abuztuaren 9an jokatuko dute Sunbillako pilotalekuan, larunbatean 18:30ean hasita. Maila nagusian hiru bikote ariko dira: Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Hodei Ezpeleta Bihurri II.a eta Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño. Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu. Emakume aizkolarien IV. Ramon Latasa Sarian ere hiru bikote izanen dira: Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi, Nerea Sorondo eta Laiene Pikabea eta Nerea Arruti eta Oihana Fernandez Barrena. Bikote bakoitzak 45 ontzako bortz enbor moztu beharko ditu.

Gazteen mailako saria berriz

Aurten, gazteen mailako saria ere berreskuratuko dute. Zazpi edizio jokatu ondotik, 2013an utzi zitzaion antolatzeari, baina aurten zortzigarrena eginen dute, hiru bikoterekin: Igoin Pikabea eta Unai Etxeberria, Oier Mitxelena eta Beñat Senosiain eta Aritz Oiarbide eta Julen Urrutia. Bikote bakoitzak 45 ontzako hiru enbor eta hiru kanaerdiko moztu beharko ditu.

 

Kerman Perez de Herediak marka pertsonala 75 kiloko txingekin eta Estefi Etxebestek errekorra 100 kiloko zilindro kopa harriarekin

Aizkolariez gain, Kerman Perez de Heredia Euskal Herriko txapeldunak 75na kiloko txingekin bere marka pertsonala hobetzen saiatuko da (hamar plaza) eta Estefi Etxebeste harri altxatzaile iturendarra errekorra egiten saiatuko da 100 kiloko zilindro kopa harriarekin, bortz minutuko bi txandatan (tartean 15 minutuko atsedenaldia). Idoia Etxeberriak 2014an egin zuen marka 56 altxaldirekin. Orain arte inork hautsi ez duen marka hori gainditzen saiatuko da Estefania Etxebeste iturendarra, eta marka handi bat jarri nahi du Sunbillan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun