Aurkezpen berezia izan zen asteartekoa, Javier Urriza txapeldun handia falta baitzen Miramar Jauregiko lorategian. Urte asko ziren aurkezpenean egoten eta behin erretiroa hartuta aurrelari irundarraren hutsunea nabaritu da. Hala ere txapelketak osagai ezin hobeak ditu txapelketa onena izateko.
Txapelketa ekainaren 27an hasi zen, lehenengo faseko partidekin. Oriamendiko erremontista guziek hartu dute parte eta kanporaketak jokatu dituzte. Iazko txapelketako emaitzen arabera sartu ziren erremontistak jokoan, eta lehenengo fasetik Ezkurra II.ak eta Azpirozek lortu zuten aurre ligaxkara igarotzea. Ezkurra II.ak 30-27 irabazi zuen Jabaleraren aurka uztailaren 24an. Aitzinetik kanpoan gelditu ziren, hurrenez hurren: Arluziaga, Aiestaran VII.a, Irazu, Susperregi, Goikoetxea VI.a, Gurrutxaga, Apezetxea, Eskudero, Aiestaran VI.a, Goikoetxea V.a, Segurola, Martirena, Larrañaga, Aldabe eta Jabalera.
Txapelketa Ezkurra II.aren eta Azpirozen arteko kanporaketarekin hasi zen atzo
Abuztuaren 5ean hasi zuen Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa, ligaxkaren aitzineko partiduarekin. Aurkezpena akitu eta segituan Ezkurra II.a eta Azpiroz Galarretara joan ziren partida jokatzera eta Uitzikoak 30-24 irabazi zion Doneztebekoari.
Ligaxka abuztuaren 9an, larunbatean, hasiko da eta Azpirozek Ansa II.a txapelduna izanen du aurkari. Guztira sei jardunaldi izanen ditu aurre ligaxkak: Abuztuaren 9an, abuztuaren 16an, abuztuaren 23an, abuztuaren 30ean, irailaren 6an eta irailaren 13an.
Lau erremontistek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta ohiko puntuazio sistema erabiliko dute sailkapenak egiteko; 30 tantora iristen den erremontistak, hau da, garaileak, 4 puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak 2 puntu hartuko ditu; 26 eta 24 artean gelditzen denak puntu bakarra gehituko du; 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 baino gutxiago egiten dituenari puntu bat kenduko zaio. Fase honetan azkena gelditzen den pilotaria txapelketatik kanpo geratuko da.
Ligaxka irabazten duenak finalera zuzenean sailkatzeko saria potoloa izanen du. Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi erremontisten artean finalaurreko partidua jokatuko dute, kale edo bale. 30 tantora jokatuko dute finalerdia, irailaren 20an. Azkenik, irailaren 27an jokatuko dute final handia. Ligaxkako lehenengo sailkatuaren eta finalaurreko partidua irabazten duen pilotariaren arteko lehia izanen da Galarretan.
Aurtengo txapelketan garaikurra mantentzen saiatuko da Ansa II.a, iazko mailari eutsiz. Hala ere, ez du lan erraza izanen aurrelari urnietarrak, Juanenearen, Barrenetxea IV.aren eta Azpirozen konpetentziarekin.