Ongi jokatuz eta defendatuz, nekatu egiten dituzte aurkariak. Ez batak ez bertzeak ez zuten akatsik egin partida osoan eta markagailuarekin batera partida nolakoa izan zen adierazten duten bi datu dira. Lehenengo jokoan Aldabek zortzi tanto egin zituen eta bigarrenean sei. Azpirozek lau egin zituen lehenengoan eta sei bigarrenean. Aldabek bertze egun batzuetan baino konfiantza gehiagorekin jokatu zuen ezker pareta ukituz, zazpi bi pareta egin zituen. Ezkurra II .ak eta Larrañagak ezin izan zuten zuten. Saiatu ziren, Ezkurrak arriskatu zuen, piloteoan tantoa alde beretik erortzen ikusi ondotik, lehen jokoan lau tanto eginez, baina ezin izan zion bikote sendoari aurre egin. Bigarren jokoan bost tanto egin zituen Ezkurrak. Larrañaga ongi aritu zen errebotean, baina markagailuak bikote urdinaren nagusitasuna erakutsi zuen.
B multzoan Goikoetxea V. eta Eskudero txapeldun azken txanpan
B multzoko finala irekiagoa eta parekatuagoa izan zen. Ongi bereizitako bi zati izan zituen. Lehen zatian Susperregi eta Martirena jaun eta jabe izan ziren. Lehen jokoan 9-15 irabazi zuten eta bigarrenean 6-10 aurreratu ziren. Finala bideratuta zuten Martirena agintzen eta Susperregi pilotakada onak ematen, baina partida aldatu zen une batetik bestera. Goikoetxea makal hasi zen, baina bigarren jokoan goitik behera aldatu zuen jokoa eta hamabi tanto ere egin zituen. Jaun eta jabe izan zen 6-10ekoaren ondotik. 8-2 amaitu zuten set erabakigarria eta, beraz, 6-10 horretatik 17-5eko partziala egin zuten, 15-13 amaitu baitzen bigarren jokoan. Eskuderok konfiantza hartu zuen.
Berdinketa hausteko setean gorriak nagusi izan ziren. Goikoetxeak eta Eskuderok hiruna tanto egin zituzten, akatsik gabe, eta Susperregiren bi akatsekin.