«Emakume» gisa harrotasunez definitu du Maddi Etxarri Elgorriagako gazteak bere burua eta bere herriarekin modu berezi batean arras lotuta sentitzen dela azaldu du: «Nahiz eta beti hemendik harat ibili eta herrian hainbertze denbora ez pasatu, herriaren parte sentitzen naiz. Aunitz maite dut herria eta hemen nagonean, beti gustura nago ingurukoen konpainian zein nire buruaren konpainia hutsean». Dantza munduarekiko lotura ere nabarmentzekoa da, ttikitatik miretsi baitu mundu hori eta hortan murgilduta egon baita urte luzez. «Ama oroitzen da ttikia nintzelarik, telebista ikusten ari nintzela, balleteko dantzaria izan nahi nuela erran niola. Egun horretan dantza mundurantz zihoan atea ireki nuen eta akademiak begiratu eta gero balleta praktikatzen hasi nintzen». Gaur egun, mundu horretan murgilduta segitzen du Maddik, baina ez balleta dantzatzen. «10 urtez aritu nintzen balletean, baina hanketan minak hasi zitzaizkidan eta osasun arazoak zirela eta, utzi behar izan nuen. Hala ere, dantza kontenporanearekin segitu nuen eta euskal dantzak egiten ere segitzen dut gaur egun».
«Aunitz maite ditut nire ingurua eta nire herria»
Zoriontasun iturri
Balleteko emanaldi bat ikusteak irria marrazten dio aurpegian, baina lagunak dira gaur egun bere poztasun iturri inportanteena: «Lagunen konpainia bizitzako gauzarik hoberena iduritzen zait, lagunek ematen dituzten momentu on horiek, udako gauetan edota besta giroan irriz lehertzeko momentu horiek, ez dute parekorik». Hortaz ohartzea kostatu zaiola ere aitortu du, adin kontuen eta gizarteak inposatutako presioen kulpaz: «Badago adin bat jendearen artean ezagunagoa izatea inportanteagoa dela zuretako, besta egitera atera eta zure lagunak ez diren jende aunitzekin solastu eta sozializatzea. Eta ongi dago hori, baina orain ohartu naiz besta egitera atera eta zure betiko lagunekin irriz aritzen zarenean etxera bueltatzen zarela besta disfrutatu izanaren egiazko sentsazioarekin eta aurpegian irri marka marraztuekin».
«Psikologia ikastea aberasgarria izaten ari da»
Mundu berri bat
Salamancan psikologia ikasten dabil Maddi eta hasieran harat joateko gogorik ez izan arren, «mundu berri bat» ireki zaiola aitortu du. «Bakarrik joan nintzen inongo gogorik eta espektatibarik gabe, baina klaseak hasi zirenean eta irakasleak ezagutu nituenean, zoriontsu sentitu nintzen. Hola, arras motibatuta hasi nuen kurtsoa eta nire poltsarekin zoriontsu joaten nintzen klasera, egun horretan irakasleek zer erakutsi eta kontatuko ziguten jakiteko ilusioarekin». Lehenengo kurtsoa egin du aurten eta momentuz psikologiako graduarekin «arras kontent» dago. «Ikaragarria da azterketa bat baduzulako logalea alde batera uztea, goizago jaikitzea, gaitegia leitzen hastea eta pisutsua ez egitea, interes aunitzekin paragrafoz paragrafo leitzen segitzea». Horrez gain, ikasitakoari esker mundua begiratzeko modua aldatu zaiola esplikatu du: «Teoria praktikara eramaten duzu eta perspektibaz aldatzean eta ingurua alderantziz begiratzean, bertze manera batean entenditzen duzu dena. Pertsonen funtzionamendu biologikoa ikasi dugu eta, horrek, portaera orokorrak badirela jakiteak eta horien arrazoia entenditzeak gainerakoen ekintzei garrantzia kentzea ahalbidetu dit, niri lasaiago bizitzeko aukera emanez. Azken batean, konprenitu baitut ez garela uste bezain inportanteak gainerakoendako».
Etorkizunera begira
Etorkizun hurbilera begira, ikasketekin segitzeko Salamancara itzuli aitzinetik udaz, lagunez, etxekoez eta orokorrean hemengo inguruaz disfrutatzea tokatzen zaiola erran du. Eta etorkizun urrunago batera begira, bidaiatzea gustatuko litzaiokeela aipatu du, eta Hego Amerikak atentzioa deitzen diola argi utzi du: «Hango jendeak eta hango kulturak bertzelako xarma bat dute eta atentzioa deitzen dit herrialde horiek transmititzen duten bibra berezi horrek». Gainera, aukera izanez gero, hemendik ateratzea eta mundua ikustea «aberasgarria» izan daitekeela iduritzen zaio. «Leku, jende edota kultura diferenteak ikustean aunitz ikasten duzu». Gainera, bere inguruagatik jendeak garatzen dituen jarrera diferente horiek aztertzeak ere grina sortzen dio. «Formatzen segitu nahi dut, leitzen, aztertzen, ikasten, etab. Gaztea naiz eta biziak oraindik aunitz erakutsiko didalakoan, horren zain egonen naiz».