Adoseko Iera Agirre Iturriaga leitzarrak gogoratu zuenez, «txapelketa hau gure txapelketa kuttunena da, pandemia garaian sortu baitzen, emakumezkoen pilota herrietako plazetara eramateko asmoz». Urtez urte hazi da, eta aurten, kirol lehiaketaz haratago, indarkeria matxistaren aurkako aldarri gisa ere aurkeztu da. Hain zuzen, Malerrekako mankomunitateak babestuko du txapelketa duela hiru urte Marrelekako Erronkarekin egin zuen moduan. Malerrekan izanik, Naroa Elizalde Etxekolonea pilotari zubietarra ere gogoan izan zuten.
Sei bikote
Donamariako jauregian bertan, Jon Telletxearen eta Natalia Rekarteren eskutik zuzenean aurkezpenean egindako zozketarekin osatu dira sei bikoteak: Aldaregia eta Agirre, Aranburu eta Mujika (txapelketako gazteena eta zaharrena), Oskoz eta Arrastia, Iturriaga eta Galeano, Barrokal eta Mendiburu eta Ruiz Infante eta Orbegozo. Urtebete Argentinan eman ondotik, ortzeguneko aurkezpenean agertuta sorpresa eman zuen Olatz Ruiz de Larramendi izanen da ordezko pilotaria txapelketan. Bikote bakoitzak bortz partida jokatuko ditu, ligaxka modura, denak denen aurka eta sailkapeneko bi onenek jokatuko dute finala.
Herriz herri, plazaz plaza
Aipatu bezala, ohiko pilotalekuetatik haratago, herrietako plazetan jokatuko dituzte txapelketako partidak, «horrek duen zailtasunarekin eta xarmarekin». Lehen jardunaldia igande honetan, abuztuak 3, jokatuko dite Etxarrin (Etxauribar). Ondotik, abuztuaren 8an Etxaurin, abuztuaren 15ean Areson, abuztuaren 18an Zubietan, abuztuaren 30ean Tirapun, abuztuaren 31n Arazurin, irailaren 5ean Sunbillan, irailaren 12an Saldiasen, irailaren 13an Iturenen, irailaren 14an Ezkurran, irailaren 21ean Elgorriagan, irailaren 28an Urrozen eta finala, aipatu bezala, urriaren 4an Donamarian.