Ezkurra II.ak Jabalera kanporatu du buruz buruko erremonte txapelketako ligaxkarako bidean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 30a

Josetxo Ezkurra, Azpiroz, Aimar Jabalera eta Barrenetxea IV.a joan den urteko Sagardoaren txapelketako pilota aukeraketan. Ezkurrak, Jabalera kanporatu ondotik, Azpiroz izanen du hurrengo koxka. Irabazlea ligaxkan sartuko da.

Buruz buruko 43. erremonte txapelketa nagusirako bidean, bi doneztebarren arteko kanporaketa jokatu zuten uztailaren 29an, astearte arratsaldean, Hernaniko Galarretan. Lehia estua izan zuten Josetxo Ezkurra II.ak eta Aimar Jabalerak, baina azkenean beteranoak 30-27 irabazi zuen. Orain, Josetxo Ezkurrak Azpirozen kontra jokatu beharko du eta irabazlea sartuko da lau onenen ligaxkan, Barrenetxea IV.arekin, Ansa II.arekin eta Aritz Juanenea saldiastarrarekin batera.

Ezkurra II.ak Azpirozen kontra jokatuko du lau onenen artean jokatzeko aukera

Astearteko partidan Jabalera hasi zen agintzen 18-17ra arte. Orduan zortzi tanto segidan egin zituen Ezkurra II.ak eta bazirudien garbi irabaziko zuela, baina gaztea 26-28ra hurbildu zen. Azkenean, ordea, beteranoa nagusitu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun