Giro ederra izan dute Eratsungo Kuadrillen Egunean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 28a

Giro ederrean ospatu zuten ostiralean Eratsungo Kuadrillen Eguna. Herritar askoren bilgune, eta festarako aitzakia ez ezik, elkartasun eguna izaten da Eratsungo Kuadrillen Eguna eta urtero elkarteren bati laguntzeko probesten dute. Aurten ere hala eginen dute: genero indarkeriaren aurka ari den Malerrekako Aske taldera bideratuko dute bildutako dirua. 2.000 euro inguru bildu dituzte eta abuztuaren 30ean emanen diote Aske taldeari, Iruñarri Egunean.

Genero indarkeriaren aurka ari den Malerrekako Aske taldera bideratuko dute ostiralean bildutako dirua, 2.000 euro inguru.

Jende asko ibili zen ostiralean Eratsunen. Bazkarian, adibidez, 96 lagun izan ziren eta afarian 70 inguru. Bazkaltzeko paella jatea egin zuten eta afaltzeko xingarra, txistorra eta saiheskiak prestatu zituzten parrillan. Otorduez gain, zozketa eta bingoa ere egin zituzten, baita aulki jokoa txikienentzat eta mus txapelketa helduentzat. Mus txapelketan hamalau bikote aritu ziren eta Emilio Hernandorena eta Mikel Telletxea suertatu ziren txapeldun, finalean Kristina Mariezkurrenari eta Mari Carmen Deskargari irabazita.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun