Jai Alai Summer Season txapelketaren finalerako pilotak bereizi dituzte

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 24a

Juanenea, Aldabe, Azpiroz eta Ansa II.a Jai Alai Summer Season txapelketaren finalerako aukeratutako pilotein. Argazkia: Maialen Andres

Ansa II.a eta Azpiroz, Aldabe eta Aritz Juanenea saldiastarraren kontra ariko dira larunbatean Galarretan

Oriamendik antolatutako Jai Alai Summer Season erremonte txapelketako finala jokatuko dute uztailaren 26an, larunbatean 16:30ean Hernaniko Galarretan hasiko den jaialdiko bigarren partidan. Finalerako pilotak bereizi zituzten eta Azpirozek eta Ansa II.ak pilota biziagoak aukeratu zituzten bitartean, Aldabek eta Aritz Juanenea saldiastarrak piloteoaren aldeko apustua egin dutela erran daiteke.

Saskian mota guztietako pilotak baziren eta bi bikoteek material ezberdina aukeratu zuten: gorrienak biziagoak eta bote handiagokoak, ahal den neurrian piloteoa laburtzeko; urdinenak lehorragoak, bote ttikiagokoak eta gehiago piloteatzeko aukera emanen dutenak. Halere, bi bikoteek bertze pilota ezberdinago bana ere hartu dute (motelagoa gorriek, biziagoa urdinek), jokatzeko modua aldatu behar izatekotan. Beraz, badirudi bi bikoteek argi dutela zein taktika erabili finalean.

 

Galarretako larunbateko jaialdia

Hernaniko Galarretan larunbatean 16:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da Jai Alai Summer Season txapelketako finala. Lehenbiziko partidan, Aiestaran VII.a eta Martirena, Gurrutxagaren eta Oier Apezetxea goizuetarraren kontra ariko dira eta hirugarrenean, Segurola eta Barrenetxea IV.a, Josetxo Ezkurra II.aren eta Larrañagaren kontra.

 

Buruz buruko sari nagusian, gaur, Ezkurra II.a eta Aldabe aurrez aurre

Bertzetik, buruz buruko sari nagusira sailkatzeko azken partida jokatuko dute gaur, uztailak 24, 18:30ean hasita, Josetxo Ezkurra II.ak eta Aldabek. Aurrelari doneztebarrak 30-16 irabazi zion asteartean Martirenari eta Lekunberrikoak, berriz, 30-20 irabazi zion Larrañagari. Gaurko partidaren irabazlea buruz buruko txapelketa nagusian sartuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun