Aritz Juanenea saldiastarra Jai Alai Summer Season erremonte txapelketako finalean izanen da

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 21a, 17:00

Juaneneak, Aldaberekin batera, Jai Alais Summer Season txapelketako finala jokatuko du, Azpirozen eta Ansa II.aren kontra.

Oriamendik antolatutako Jai Alai Summer Season erremonte txapelketako bi bikote finalistak ezagunak dira dagoeneko, ligaxkako azken jardunaldiaren ondotik. Aldabek eta Aritz Juanenea saldiastarrak, Azpiroz eta Ansa II.aren aurka neurtuko dituzte indarrak final handian, jardunaldi erabakigarrian Segurola eta Larrañagari 2-1 (8-15, 15-6 eta 8-6) irabazi eta gero.

 

Beste partidan Barrenetxea IV .ak eta Josetxo Ezkurra II .a doneztebarrak 2-1 (15-13, 14-15 eta 8-7) irabazi zieten Azpiroz eta Ansa II .ari, nahiz eta emaitza honek ez duen garrantzirik izan sailkapenerako. Azpirozek eta Ansak, hain zuzen ere, multzoko lehen postuan bukatu dute bederatzi punturekin. Aldabek eta Juaneneak zazpi puntu dituzte. Segurola-Larrañaga eta Barrenetxea IV- Ezkurra II .a bikoteek lau punturekin bukatu dute.

Jai Alai Summer Seasoneko azken bi partidak txapelketako onenak izan dira, berdinduak eta erremontista guztien joko bikainarekin. Partida erabakigarrian Segurola eta Larrañaga nagusi izan ziren 15-8 lehen jokoan. Aritz Juaneneak bere jokorik onena atera zuen bigarren jokoan eta Aldabe Segurola baino gehiago izan zen, gorriak sei tantotan utziz. Joko erabakigarrian, seina berdindu ondotik, bi tantora jokatu zuten eta Aldabe eta Juanenearen alde erori ziren.

Jaialdiko hirugarren partidan emozioa eta joko ona izan ziren nagusi. Barrenetxea aurrean eta Ansa atzean izan ziren protagonista nagusiak. Lehen jokoan hamahiruna berdindu ondoren, tantoak alde urdinetik erori ziren eta bigarrenean hamalauna berdindu eta gero, azken tantoa gorrien alde erori zen. Joko erabakigarrian zazpina berdindu zuten eta Barrenetxearen pilotakada bikain batek partida erabaki zuen. Lehen jokoan hamabi tanto egin zituen hernaniarrak, zortzi bigarrenean eta bost hirugarrenean.



Jabalerak eta Eskuderok Oriamendi Txapelketako lehen garaipena lortu dute

Oriamendi Txapelketan Aimar Jabalera doneztebarrak eta Eskuderok 15-11 eta 15-12 irabazi zuten Goikoetxea V.a eta Aiestaran VI .aren aurka. Jabalerak eta Eskuderok lehen garaipena lortu dute, eta Goikoetxea V.ak eta Aiestaran VI .ak galdu egin dute estreinaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun