Estefi Etxebeste iturendarrak irabazi du lehen Kirol Herria txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 17a

Lehen Kirol Herria txapelketako garaileak: Paulo Azpiazu, Estefi Etxebeste, Oihana Fernandezde Barrena eta Julen Alberdi, 'Txikia IV.a'. Argazkia: Ibon Errazu Uria

Aizkora eta harri altxatzea konbinatu dituen Kirol Herria herri kirolen txapelketako finala jokatu zuten asteazken arratsaldean Zumaian. Liga formatuan jokatuta, lehen kanporaketa Deban egin zuten ekainaren 15ean, eta handik sei egunera jokatu zuten bigarrena, Aian. Bi jardunaldi horietan erabaki zuten zer bi laukote neurtuko ziren finalean. 

Azpiazu, Txikia IV.a eta Fernandez de Barrenarekin batera nagusitu zen uztailaren 16an Zumaian jokatutako finalean

Izan ere, bina aizkolariz eta harri jasotzailez osatu dituzte laukoteak. Zumaian jokatutako finalean, talde urdinean, Beñat Telleria eta Maddi Gesalaga aritu ziren harri-jasotzen, eta Mikel Larrañaga eta Nerea Arruti aizkoran. Talde gorria, bere aldetik, Iturengo Estefi Etxebeste eta Paulo Azpiazu harri jasotzaileek, eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Oihana Fernandez de Barrena aizkolariek osatu zuten.

Proba konbinatua izanik, bi modalitatetan lortutako emaitzak hartu zituzten kontuan irabazlea erabakitzeko orduan. Hala ere, ezusteko bat izan zen: azken probari ekin aurretik, Maddi Gelasaga lesionatu egin zen, eta ezin izan zuen bere lana egin. Elkarren artean hitz eginda, lehiatik harri-jasotzen arituko ziren bi emakumeak lehiatik kendu zituzten, proba jokatu aurretik talde gorriari garaipena emanaz. Azken proba horretan ere emozioa izan zen ikusleen gozamenerako. Talde urdina aitzinetik joan zen, baina azken aizkorakadetan gorriek irabaztea lortu zuten, segundo erdi batengatik. 

Azkenean, 8 puntu lortu zituzten Etxebestek, Azpiazuk, Txikia IV.ak eta Barrenak; Gesalagak, Telleriak, Larrañagak eta Arrutik, bere aldetik, 3 puntu lortu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun