Esti Gastearena sunbildarrak laugarrenez irabazi du Nafarroako txinga eramate txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 15a

Iruñeko sanferminetako hondarreko egunean hondarreko herri kirol jardunaldia izan zuten Foruen Plazan. Nafarroako emakumezkoen txinga eramate txapelketan Esti Gastearena sunbildarra nagusitu zen laugarren urtez segidan, hogei plaza baino gehiago eginez. Gizonezkoen txinga eramate txapelketan Imanol Martin izan zen txapeldun eta XXV. San Fermin motozerra txapelketan Mikel Lasarte.

Nafarroako emakumezkoen txinga eramate txapelketan, Esti Gastearena sunbildarrak 20 plaza eta 6,95 metro egin zituen, bere laugarren txapela janzteko. Bigarren Maika Iraizoz izan zen (12 plaza eta erdi eta 1,52 metro), hirugarren Iranzu Fierro (9 plaza eta 2,84 metro) eta laugarren Garazi Azkoaga (8 plaza eta 2,73 metro).

Nafarroako txinga eramate txapelketan berdintasun handiagoa izan zen, baina Imanol Martin nagusitu zen, zortzi plaza eskas eginez (7 plaza, hiru laurden eta 5,27 metro), Orein Mondragonek 7 plaza egin zituen eta Josu Elizaldek 4 plaza eta laurden eta 3 metro.

XXV. San Fermin motozerra txapelketan, azkenik, Mikel Lasarte izan zen txapeldun, Juan Asin bigarren eta Amaia Conde hirugarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun