Kirol Herri txapelketako finala jokatuko du Estefi Etxebeste iturendarrak uztailaren 16an Zumaian

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 15a

Estefania Etxebeste iturendarra, Julen Alberdi 'Txikia IV.a' eta Paulo Azpiazuren artean, Aian nagusitu ondotik. Argazkia: Ibon Errazu Uria.

Zarautzen ziren jokatzekoak herri kiroletako txapelketa horretako finalak, baina Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plazara lekualdatzea erabaki dute, asteazkenean, 19:30ean hasita.

 

Zarauzko Sustraia Kirol Ekitaldiak taldeak antolatutako Kirol Herri txapelketaren finala jokatuko dute uztailaren 16an, asteazkenean 19:30ean hasita, Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plazan. Aizkora eta harri altxatzea uztartzen ditu lehiaketa horrek, eta herri kiroletan «parekidetasuna, ikusgarritasuna eta goi mailako kirola» uztartu nahi ditu.

Lau taldek hartu dute parte txapelketa horretako lehen aldian, bi jardunalditan banatuta. Lehena ekainaren 15ean jokatu zuten Deban eta bigarrena ekainaren 21ean Aian. Bi jardunaldi horietako irabazleek jokatuko dute aurtengo txapelketako finala. Debako jardunaldiko irabazleak Maddi Gesalaga, Beñat Telleria eta Mikel Larrañaga izan ziren, eta beraiekin batera, Nerea Arruti ariko da finalean; Aian, berriz, Julen Alberdi Txikia IV.a, Estefania Etxebeste iturendarra eta Paulo Azpiazu izan ziren garaile, eta beraiekin batara Oihana Fernandez de Barrena ere ariko da finalean.

Finala, berez, Zarautzen zen jokatzekoa, baina azken orduko aldaketa bat dela medio, Zumaiak hartuko du azken jardunaldia, asteazkenean, 19:30ean hasita, Eusebio Gurrutxaga plazan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun