Bestak 2025

«Saltsa polita sortzen da larunbateko bazkalondoko itzulian»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 15a, 10:00

Haizea Aioroa Apeztegia.

Iturengo 23 urteko neska gaztea da Haizea Aioroa Apeztegia: «alaia, saltsera eta beti laguntzeko prest dagoena». Ongi daki ardi galdua atzeman daitekeela, baina aldi galdua ez eta horregatik «bizitzako une guztiak ahalik eta gehien disfrutatzeko gogoa» duela azpimarratu du. Hala, amets egiten hasita eskaera argia egiten du: «bizitza osasuntsu bat izan eta bizitzak ematen dizkidan momentu guztiak ahalik eta hobekien probesteko aukera izatea».

Udazkenean amets egiteko eskatuta, bertzelakoak izanen ziren seguruenik aipatuko zituen kontuak. Urte sasoi horretan zakurrak eta eskopeta ez ditu urruti izaten, «ehiza da nire afizio nagusienetako bat. Basurdetan eta usotan aritzen naiz». Etxetik heldu zaio afizioa, «ttiki ttikitatik ikusi dut, lagunez inguratuta egoten naiz eta sortzen den giroa berezia da». Ehizako denboraldia bukatzean, berriz, zakurra hartu eta mendira joatea eta lagunekin elkartu eta planak edo besta egitea» ditu gustuko. 

Herrian edo herritik kanpo, «Iturenen ez dago aisiadirako aukera aunitzik eta herri ttikia denez ahal dugun bezala moldatzen gara eta aunitzetan ondoko herrietara mugitu behar izan dugu». Datozen egunetan, ordea, ez du urrutira joan beharko ongi pasatzeko. Iturengo bestak ospatuko dituzte uztailaren 17tik 20ra eta inauteriak gogo gehiagorekin hartzen dituela aitortu duen arren, «herriko bestak beti dira bereziak».

Lau egunez bestan

Plaza giroa zein tabernakoa: «bakoitza bere momentuan, biak ditut gustuko». Besta soilik ez, tartean, lana ere egiten dute, «gazteek txosna jartzen dugu eta auzolanean, bata bertzearen arrimuan errazago egiten dugu». Adiskide onekin orduak labur izaten baitira. 

Lau eguneko egitaraua prest dute Iturenen eta lauetan topatu du beretzat tokia Aioroak: «Iturengo neska gazteok frontenis txapelketa egiten dugu eta finala ortzegunean izaten da. Gero, txupinazoa eta eguna akitzeko zopak izaten ditugu». Ortziraleko protagonistak haurrak izaten dira, baina hala ere ez dira etxean geratzen Aioroa eta lagunak: «gazteok gure artean bazkaria egiten dugu eta arratsean paella afaltzera atera eta bestarekin segitzen dugu».

Larunbatean izaten dute beretzat bestetako ekitaldirik bereziena dena: «herri bazkaria egiten dugu eta bazkalondoan herriari itzulia ematen diogu txarangarekin. Zurrakapotea edanez, errekaz erreka joaten gara freskatzen. Saltsa polita sortzen da». Bestetan, baina batez ere larunbatean izaten den herri giroa nabarmendu du: «Ituren herri ttikia denez, adin guztietako jendea elkarrekin ibiltzen gara bestan eta hori gauza polita da». Nahikoa dantza, kontu eta kanturen ondotik, ilunabarrean indarrak hartzeko pintxoak afaldu eta goizaldeko ordu txikiak arte bestarekin segitzen dute. Biharamuna, igandea, izaten da bestetako azken eguna eta aitortu du «egun lasaia» izaten dela, «hiru egunetako ajeari buelta eman eta bestei bukaera emateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!