Dunixe Alberro Isasi pilotari iturendarra berriz ere txapeldun Eibarren eta Zumarragan

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 27a, 18:00

Dunixe Alberro Isasi txapeldun Amañan, Amaiur Landarekin eta Zumarragan, Intza Arrutirekin. Zumarragan hirugarren aldiz segidan izan da txapeldun.

Aste honetan Eibarko Amañako txapelketa eta Zumarraga Hiria txapelketa irabazi ditu, azken hau, hirugarren aldiz segidan.

Eibarko Amaña auzoan antolatutako VI. Esku Pilota Txapelketa burutu zen ekainaren 21ean. Txapelketa honetan, 93 bikotek hartu dute parte eta, lehenengo aldiz, nesken txapelketa antolatu dute egitarauaren barrenean.

Lehenengo kanporaketa ekainaren 14an, arratsaldez, jokatu zen Eibarko Astelena Pilotalekuan. Bertan Dunixe Alberro Isasik finalerako txartela lortu zuen, Amaiur Landa beasaindarrarekin batera.

Aipatu bezala, ekainaren 21ean, larunbatean jokatu zen finala Amañako pilotalekuan eta Dunixe Alberrok eta Amaiur Landak 22-15 irabazi zieten Zestoako Laia eta Naroa Gastiain ahizpei, partidu borrokatu eta gogor baten ondotik.

Zumarragan ekainaren 23an eta 25ean

Handik bi egunera, ekainaren 23an, Zumarraga Hiria Txapelketako kanporaketak burutu zituzten Beloki Pilotalekuan. Bertan, Ados Pilota Elkarteko pilotarien artean,  bortz iturendar zeuden: Garazi Iñigo, Ane Deskarga, Alaitz Aioroa, Irati Altxu eta Dunixe Alberro. Infantil-kadete mailako Gipuzkoako bertze pilotariekin bikoteak osatu zituzten.

Sailkapen partida hauetan finalerako sailkatu zen Dunixe Alberro Isasi, Zizurkilgo Intza Arrutirekin bikotea eginez, baita, Eibarren bezala, Laia eta Naroa Gastiain ahizpa zestoarrak ere.

Finala, asteazkenean, ekainaren 25ean, Zumarragako Santa Isabel besten atarian jokatu zuten, mutilen bertze lau finalekin batera. Bertan, berriz ere, lehia gogorraren ondotik, Dunixe-Intza bikotea izan zen txapeldun, zestoarrei 16-18 irabazita. Honenbertzez, Dunixe Alberro Isasik Zumarraga Hiria Txapelketa hirugarren aldiz jarraian irabaztea lortu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun