Udaberriko erremonte txapelketaren finala jokatuko dute ortzirale arratsaldean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 26a

Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Patxi Zeberio beteranoak lehia estua izanen dute aitzineko kuadroetan.

Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otano, Zeberio II.aren eta Barricarten kontra ariko dira eta jaialdiko bi partiden artean omenaldia eskainiko zaio aurten liga irabazi duen Errekako gizonezkoen eskubaloi taldeari

Ekainaren 27an, ortziralean 18:30ean hasiko den jaialdian jokatuko dute Udaberriko erremonte txapelketako finala Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, besten barrenean. Doneztebarren ametsa zen herriko hiru erremontista ikustea finalean, baina azkenean bakarra izanen da: Eloy Otxandorena, Otanorekin bikote eginez, Zeberio II.aren eta Barricarten kontra ariko da finalean.

Hori bai, jaialdia irekiko duen partidan, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Matxin III.a eta Ion azpeitiarren kontra ariko dira. Lehenengo partidaren eta finalaren artean, Doneztebeko Udalak eta Erremonte Fundazioak omenaldia eskainiko diote aurten ligako txapeldun izan zen Errekako gizonezkoen eskubaloi taldeari. Erremontisten kamisetak ere zozketatuko dituzte.

Udaberriko erremonte txapelketako jaialdi guztietan bezala, sarrerako dohaintza 10 eurokoa izanen da, 5 eurokoa 16 eta 22 urte artekoentzat eta doan 16 urtetik behetikoentzat. Bildutako guztia ADANO elkartera bideratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun