Bestak 2025

«Doneztebeko bestetan ez nau etxeak azpian harrapatuko»

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 24a

Txaro Ezkurra Zunzarren.

Bestazalea denari zerbait berezia mugitzen zaio barrenean uda sasoia ailegatzen denean. Blusa, jantzi zuriak eta zapia prest, atzerako kontaketa hasten dute. Txaro Ezkurra Zunzarren da horietako bat eta ongi zenbatuak ditu ekainaren 26ra arteko egunak, «txupinazoarekin besta lehertu eta bortz egunez gozatzeko». Hala aitortu du: «Doneztebeko bestetan etxeak ez nau azpian harrapatuko». 

Umetatik ditu herriko bestak gustuko eta hainbat oroitzapen iltzatuak ditu: «Merkatari karrikan bizi ginen gu eta gogoan dut herriko gazteak nola ateratzen ziren Aurorak abestera San Pedro Egunean. Goizeko zazpietan hasten ziren eta ernatu eta karrikara  pijaman jaisten nintzen beraiek ikustera. Txundituta egoten nintzen beraiei begira». 

Ez da hori ume garaitik gordea duen oroitzapen bakarra. Kapritxo txikiak lortzeko aukera ere izaten omen zuen bestetan: «Tio Lucasen tiro pitxona etortzen zen, baita Juanita la txotxera ere. Eraztunak, pultserak... ekartzen zituen eta genituen diru pixarrak hor gastatzen genituen». Erromeriak ere garrantzia handia izaten zuen: «musika Behar Zana frontoian izaten zen eta oroitzen naiz jendez lepo egoten zela. Dantza saio ederrak egiten genituen». Kukaña ere jartzen zuten, «Bordatxo ondoan dagoen zubian eta hantxe ibiltzen ginen errekara salto eginez». 

Bestan gozatuz

Gazte garaian, gautxoria izan zela ere aipatu du: «lehen batez ere gauez ateratzen ginen». Aitortu du, «gaupasa bat edo bertze» eginak direla «eta arratsaldeko lauetan nola edo hala ernatu eta gero, berriz ere, parrandara joaten ginen». 

Garai bateko oroitzapen izugarri politak ditu eta nabari zaio ederki gozatu zuela: «batzuk diote garai bateko bestak zirela hoberenak.  Hoberenak ziren bai, baina guretzat». Garaiak aldatuz doaz eta «garaian garaikoa» bizi behar dela uste du, «horrek ez du erran nahi bestarako aukerarik ez dugunik». Orain gaueko ordu txikiak baino nahiago du eguzki argitan ibili: «batez ere egunez ibiltzen gara bestan». 

Doneztebeko bestetako egitaraua ongi ikasia du eta egunero topatzen du zer egina: «bezperan zopak jatera joaten naiz eta bertze egunetan Aurorak, Mendi abesbatzak, batukadak... bestaren erdigunean, saltsa betean, egoteko aukera» ematen diote. 

Bada bestetan beti betetzen duen urrezko arau bat «otordurik prestatzeko lanik ez hartzea. Ez dut bestetako egun bakar batean ere  bazkaltzen etxean». Egunero izaten omen da karrikara atera eta «otordua kanpoan egiteko aukeraren bat». Umetatik hartutako ohitura izanen da, akaso: «guk ostatua genuen lehen Donezteben, Ezkurra jatetxea, eta bertan lana egitea tokatzen zitzaigun. Guk ez dugu senideak bazkaltzera etxera etortzeko ohitura hori inoiz izan. Zerbait ospatzen bagenuen beti izaten zen etxetik kanpo; etxean bagenuen nahikoa lan». Ostalariek ere noizbait behar baitute atsedena.

Abesbatzako kidea

Mendi abesbatzako kidea da eta San Pedro Eguneko mezan abesten du: «momentu berezia izaten da niretzat. Agur Doneztebe kantua abesten dugun momentuan oilo ipurdia jartzen zait, obra ederra da benetan». Eguna borobiltzeko, «amarekin, ahizparekin eta lagun batekin bazkaldu eta buelta bat ematera joaten gara eta arratsean Erreka dantza taldearen emanaldia ikustera». Bestetako ekitaldi bat nabarmentzeko eskatuta, Erreka dantza taldearen emanaldia eta Gazteen Eguneko herri kirol saioa nabarmendu ditu: «Errekako dantzarien emanaldia hagitz ikusgarria izaten da eta Gazte Eguneko herri kiroletan saltsa polita sortzen da».

Aurorak

Aurora abestera ere joaten da. Izkina batetik begira egoten zen haur hura, bestaren parte bihurtu eta karrikaz karrika abesten ibiltzen da orain. Jose Maria Zelaietak bultzatu zuen Auroren ohitura eta urte batzuetan galdu bazen ere, duela hamar bat urte berreskuratu zuten. Geroztik, urtero atera da  Txaro Ezkurra Auroren taldea. Goizeko bederatziak aldera elkartu eta herriko karrikak alaitzen ibiltzen dira, «gero hamaiketakoa egin, bazkaldu eta arratsaldean txarangarekin herrian barna ibiltzen gara». 

Beti Prest batukada taldeko kidea da. (Argazkia: Alicia Del Castillo)

Batukada taldea

Batukada taldeko kidea ere bada eta larunbatean izanen dute egun handia: «45 urtetik gorako emakume kuadrilla ederra aterako gara batukadan». 2023ko bestetan jo zuten  lehenbizikoz jendaurrean eta dagoeneko bestetako ezinbertzeko ekitaldia da: «ederra da emakume talde bat horrelako indarrarekin karrikan jotzen ikustea. Giro bikaina izaten dugu gure artean eta gure inguruan bestan dabiltzanek ere uste dut ederki pasatzen dutela». 

Herri bazkaria

Bestak borobiltzeko, ekainaren 30ean antolatu duten herri bazkarirako txartela ere erosia du Txarok: «otordu horren bueltan adin desberdinetako  jende ugari biltzen gara eta aitzakia polita da aspaldian egon gabeko herrikideekin elkartu eta tarte eder bat pasatzeko». 

Herritarren parte hartzea

Txarok argi du herritarrak inplikatzea ezinbertzekoa dela eta bera da horren adibide argia: «herrian bertan sortutako ekitaldiek lehentasuna izan behar dutela uste dut. Herrian bada mugimendua eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartzea ezinbertzekoa da». Argi dio: «herritarrek egiten dituzte herriko bestak berezi eta antolakuntzan eta egunean bertan, ekitaldietan parte hartzea ezinbertzekoa da». Kanpotik ekarritako ekitaldi handien ordez, «nahiago ditut herrian, herritik eta herriarentzat sortutako ekitaldiak».

Emakumeen presentzia

Besta giroan emakumeen presentzia  handia dela nabamenrdu nahi izan du: «badago zer hobetua, baina argi dago emakumeek badugula gure tokia bestan. Batukada taldean, adibidez, emakumeak gara denak, baita Auroretan ere». Adina ere ez da muga:«45 urtetik gorakoak gara batukada taldekoak. Baditugu 70 urtetik gorakoak ere. Auroretan ere 50 urtetik gorakoak gara denak». Garrantzitsua da herritar guztiei bestarako aukera ematea: «adina ez dadila muga izan». 

Azken urteetan egitarauan egin diren aldaketak «positiboak» izan direla dio, gauza bakarra aldatuko luke: «aurten bestak ortzegunean hasiko dira eta San Pedro Eguna igandean da. Asteburua probesteko egiten dute eta ahalik eta jende gehien erakartzeko, baina nik nahiago nuen, garai batean bezala, bestak bezperan hasita. Egun handira frexkoago ailegatzen ginen».  

Pilotarien familiakoa izanik, pilota jaialdiren bat ere gustura hartuko luke: «kristoren afizioa dugu».  Zer ikusi, hura ikasi erran ohi da eta ttikitatik ibili izan da pilotaleku inguruan: «aita eskuz aritzen zen eta nik ikusi nuen jokatzen. Oroitzen naiz Labriten erretiroa hartu zuen egunaz, hamabost urte nituen». Koteto anaiari segika ere joan-etorri ugari egina da: «Galarreta nire bigarren etxea zen eta orain iloba ere, Ezkurra II.a erremontean aritzen da». Herrian pilota partiduak zuzenean ikusteko aukera gutxi izaten denez, telebistan ikusita konformatu behar izaten du: «hemen herri kirolak dira nagusi, Doneztebekoa aizkora plaza da». 

Elkargunea

Herri kirol zale, musika zale zein dantzari, denentzat dago tokia Doneztebeko bestetan. Doneztebe betidanik izan da Malerrekako herrientzat elkargunea eta Doneztebeko bestek ere «funtzio hori betetzen» dutela uste du. Jendea gogoz etortzen da: «lehenbiziko bestak dira eta jendeari nabari zaio gogo eta ilusio berezi bat.  Doneztebe bertze herriendako erreferentea dela erranen nuke». Herritar zein kanpotar, «bestarako gogoz etortzen diren guztiak ongietorriak izanen dira». 

Uda Donezteben

Doneztebeko besten ondotik, Iruñeko sanferminetara joateko asmoa ere badu: «arras gustuko dut hango giroa eta pare bat egunetan joanen naiz egunpasa». Hurrengo asteetan, ordea, «lasai, Doneztebe inguruan» ibiliko da, «udan ez naiz inoiz oporretara kanpora joan». Urteko bertze sasoiak erabili izan ditu horretarako: «aste txuria edo aste santu inguruan egin izan ditut  beti oporrak». Bidaiatzea baita, bere afizioetako bat: «Alsazian izan naiz berriki, Oihan Beltza ezagutzen eta paraje zoragarriak dira».

Doneztebeko eskolan irakasle zenean opor garai horiek erabiltzen zituen atzerrira joateko. Orain erretiroa hartuta, nahi duenean du bidaiatzeko aukera: «hala ere irteera bat edo bertze egin eta herri inguruan bizitza lasaia daramat».

Irakasle ohia

Doneztebeko eskolan aritu zen lanean 28 urtez eta ez da seinale txarra izaten erretiroa hartuta ere titulua mantentzea: «nire ikasle izan zirenek aunitz maite naute eta plazer bat izan da nire herrian lan egiteko aukera izatea». Familiekin beti harreman bikaina izan duela dio: «jendeak errespetatu nau eta eroso sentitu naiz. Hurbila izan naiz, baina haiek bazekiten non zegoen muga».  

Irakasle lanak utzita, afizioen bueltan lortu ditu titulu berriak. Zerrenda luzea da: abeslari, batukadako kide, ingeleseko eta pilateseko ikasle, etxekoen zaintzale, behar denean laguntzaile... «Bizitzaz gozatzea» da bere helburua: «familiarekin eta lagunekin ahalik eta gehien disfrutatzea». Datozen egunetan berarekin topo egin nahi duenak, ez du galbiderik. Doneztebeko karriketan topatuko du, bestaren erdigunean: emanez eta jasoz, besta giroa sortuz eta bestan gozatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun