[GUTUNA]: Gauza bakoitzari bere izena

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 24a, 07:30

Doneztebeko Mendaur institutuan, azken ikasturteotan zenbait irakaslek jasan dituzten erasoak salatu ditu Bihotz Unanua Bertiz ikastetxeko zuzendariak idatzi honetan. Ikasturte honetan «erasotzaileek bertze muga bat gainditu» dutela ere gaineratu du eta «errespetuzko harremanak» eskatu ditu. 

Izena daukanak izana du, eta erasoei buruz ari garelarik, izana larria da. Hausnarketarako ordua da. 

Doneztebeko Mendaur DBHIri buruz ari gara, hain zuzen, ikastetxeko zenbait irakasle azken ikasturteotan jasaten ari garen egoerari buruz.

Irakasleen kontrako erasoak 2022-23. ikasturtean hasi ziren, ikasturte akabailan eskola eremuan zenbait irakasleren kontrako irainekin egindako pintadekin.

Aitzineko ikasturtean ere, 2023-24an, ikasturtea berdin akitu genuen, irakasleen kontrako irain bortitzak pintada bidez hartu genituen eskola eremuan.

Ikasturte honetan, aldiz, erasotzaileek bertze muga bat gainditu dute eta erasoak eskola eremutik irakasleen eremu pribatura eraman dituzte, irakasleen bizilekutara jo dute erasoak egiteko.

Biktimak irakasleak badira ere, argi dugu arazoa eskola komunitate osoarena dela, eta gertatutakoaren berri lau haizetara zabaltzeko ordua dela uste dugu; izan ere, eskola komunitateko partaide guztien inplikazioa eta laguntza beharrezkoak dira arazoari benetako irtenbidea eman ahal izateko. Arazoa ez da biktimena bakarrik, arazorik handiena erasotzaileek dute. Eta arazo hau gertatzen den bitartean besoak gurutzatuta gelditzen den gizartearena ere bada, guztiona.

Gure artean errespetuzko harremanak bermatu nahi baditugu, ezin ditugu halako ekintza bortitzak inondik ere onartu, ezta ezkutatu ere, eta ezin diegu eraso ez den bertze izenik paratu. Nahikoa da, eraso gehiagorik ez!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!